Dokumentuaren akzioak
Euskal doinuak eta dantzak Hernanin
Dantzari Festak ospatuko dirabertan gaur hasi eta hilaren 11ra bitartean
Hernaniko Dantzari Festa taldeak antolatzen du urtero ekimen hau «nola hala euskal dantzak eta dantza taldeak bultzatzeko», Pepi Arrozpide antolaketa batzordeko kideetako batek azaldu zuenez. Dantza jaialdiaz gain, baserritarren janzkeren inguruko erakusketa eta hitzaldiak ere egingo dira, dantzari festarekin batera aste kulturala antolatzea baita asmoa. Arrozpideren esanetan, dantza taldeak «krisian daude, ez Hernanikoak bakarrik, denak», eta gainbehera horri aurrea hartzen saiatuko dira astebetez Hernanin egingo diren ekimenekin. Dantza taldeak ez dira bultzada behar duten bakarrak, ordea, euskal dantzek ere beste garai batzuetako sasoia galdu dute eta antolatzaileek «askatzeko eta dantzatzeko» deia egin nahi diote mundu guztiari, «euskal dantzak dantzatzeko ez baituzu zertan dantza talde batean sartu edo egon behar, egin behar dena doinuak entzundakoan dantzan hastea da, dantzatzeko ohitura hartu», adierazi zuen Arrozpidek. Ildo horretatik, hilaren 10ean Plaza Berrin egingo den erromerian parte hartzeko gonbita zabaldu zuten. Arratsaldeko zazpietan Ipar Euskal Herriko euskal dantzen ikastaroa egingo da leku berean eta Ibarla-Meaka (Irun) eta Ttarla (Hernani) dantza taldeek parte hartuko dute bertan. Hainbat ekitaldi antolatu dute 4tik 11ra bitartera: baserritar jantzien erakusketa, esan bezala, eta hitzaldiak, Biteri kultur etxean.
Dokumentuaren akzioak