Larunbatean, apirilaren 6etan, herriko San Martin plazan, Danborradak emango dio hasiera jaiari. Eduardo Olivetto zuzendari, bertako danbor-jotzaileekin batera Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko jotzaileak eta General Las Heraseko Zazpirak Batekoak arituko direla. Ondoren, Cañuelaseko Denak Bateko Abesbatzaren txanda izango da, Leandro Vallejo Arizmendiren zuzendaritzapean.
Azkenik, dantza erakustaldia iritsiko da, eta bertarako baieztatu dute dagoeneko partaidetza honako euskal etxe eta dantza taldeen ordezkaritzek:
-Denak Bat Euskal Etxea (Mar del Plata)
-Guillermo Larregui Euskal Etxea (Chacabuco)
-Oihankide Taldea (Buenos Aires)
-Laurak Bat Euskal Etxea (Buenos Aires)
-La Platako Euzko Etxea (La Plata)
-Anaitasuna Euskal Etxea (Maipú)
-Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea (Chascomús)
-Ongi Etorri Euskal Etxea (Magdalena)
Gauean, jaiak Euskal Etxean jarraituko du, Daniel "el Jopo" Galfredok eta bere hirukoteak alaituko duten erromerian. Afaltzeko pintxoak, txorizoa sagardoarekin, haragi-ogitartekoak, hanburgesak eta enpanadak, edariak eta izozkiak eskainiko dira. Igandean, San Martin Klubean egingo den azken agurreko bazkariaekin emango zaio amaiera ekitaldiari.
Euskal artikuluen eskaintza zabala
Aurtengoan, euskal komunitateko jende ekimentsu eta artisau multzo batek ere hartuko du parte topaketan. Larunbat arratsaldean zenbait postu jarriko dira Euskal Etxearen egoitzaren aurrean, artikuluak erakutsi eta eskaintzeko. Bertan izango dira Zirimiri bere zeramikekin, La Platako Haritzako jantziak, Aitunearen objektu eta diseinuak, Txikito Argentinaren estanpak, Pergaminoko Goizeko Izarrako dantzarien dantza-jantzietarako artisau-zorroak, Cintia Etcheversen La Vasquita artisau likoreak eta Hummuseko janari beganoa, azken bi hauek Cañuelasekoak.
«Oso pozik gaude deialdiarekin, euskal etxeen honelako erantzunarekin, antolatu eta etorri egiten direlako. Eta harro gaude ekitaldiari horrenbeste urtez ari garelako eusten” aitortu dio EuskalKultura.eus-i antolatzaileen izenean Verónica Zulaica Denak Bateko presidenteak.