Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzaren transmisioa aipagai "Lehen urratsa" web-dokumentalean
"Lehen urratsa" web-dokumentala euskal dantzaren transmisioaren erakusleihoa da. Euskal Kultur Erakundearen egitasmo honek Ipar Euskal Herriko dantza eskolen lekukotasunak bildu ditu soinu eta argazkien bidez. Euskarri berri hori "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketaren osagarri da.
Iragan urteko neguan Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Radio Kultura irratiko kazetariei eta Johan Morin argazkilariari hautatu sei dantza eskoletara joatea eskatu zien.
EKEk dantza eskolak irizpide zehatz batzuk segituz hautatu zituen, Jakes Larre EKEko kideak azaldu duenez. Alde batetik, hiriko dantza eskolak ikertzeko Baiona eta Hendaiakoak aukeratu zituen. Bestalde, "influentzia ezberdinak gurutzatzen direnez" Bardozekoa ere ikertu zuen. Halaber, barnekaldeko ohiturak ere bildu nahi izan zituen Baigorriko Arrola eta Itsasuko Ataitze taldeekin. Azkenik, Xiberoko "dantza bereziak" kontutan harturik, Barkoxera joatea erabaki zuen.
2 ordu eta 100 argazki
"Hiru gai jorratu nahi izan ditugu: eskoletan euskal dantza nola bizi duten, zein zailtasun atzematen dituzten eta nola irudikatzen duten euskal dantzaren geroa", esplikatu du Larrek. Radio Kulturako kazetariek eta Johan Mohin argazkilariak "modu librean" lan egin dute. Dantza klaseetara joan eta irakasle, ikasle zein burasoekin hitz egin dute.
Orotara, bi orduko grabaketa eta ehun argazki inguru bildu dituzte web-dokumentalean. "Euskarria horrela definitzen dugu interaktibitatea sustatzen duelako. Bistariak aukeratu dezake zer ikusi edo entzun nahi duen eta zein eskola bisitatu nahi duen", erantsi du.
Burututako lana eta gero, EKEko kideak euskal dantza ikasi eta irakasteko "gogoa eta indarra bizirik" dagoela ondorioztatu du. "Irakasleentzat lan bat baino gehiago da; ezinbesteko lana egiten dute. Gehienak bolondresak dira eta ilusio handiz egiten dute", aipatu du. Bere aburuz, transmisioa bizi-bizirik dago. "Argi ikusi da dantza herri bakoitzaren dinamikaren parte dela. Kulturaren bizian sartzen da", gehitu du.
Dokumentuaren akzioak