Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzaren historia kontatuko dute, zuzeneko dantza erakustaldiarekin

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzaren historia kontatuko dute, zuzeneko dantza erakustaldiarekin

San Joan jaiak ospatzen ari dira Antiguan, eta gaur ekingo diote bigarren asteburuari. Arratsaldean, Street Boulder txapelketa egingo dute Mikel Laboa plazan, eta, ondoren, dantzaren inguruko hitzaldi musikatua antolatu dute, lehenengoz. Antigua sanjoanak
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Antigua
Mota
Albistea
Data
2023/06/16
Lotura
Irutxuloko Hitza
Antigua sanjoanak (Argazkia: Nagore Koch)

Antiguotarrak dantza taldeak 40. urteurrena betetzen du aurten, eta, hori dela eta, beraiek antolatzen dituzten auzoko San Joan jaietan dantzari inoiz baino garrantzia handiagoa eman nahi izan diote. Antiguotarrak dantza taldeko Ane Larekik azaldu duenez, lehengo ostiralean, ekainaren 9an, dantza taldearen emanaldia egin zuten frontoian, eta bertan izan ziren dantzariak eta dantzari ohiak. Horrez gain, dantza lagunen topaketa ere egin zuten. “Besteak beste, aspaldi dantzatzen ez genuen oñati dantza berreskuratu genuen, eta oso polita izan zen”, nabarmendu du Larekik.

Hitzaldi dantzatua, lehenengoz

Antiguotarrak dantza elkartearen 40. urteurrena dela eta, hitzaldi dantzatua antolatu dute lehenengo aldiz. “Gari Otamendik eta Oier Araolazak euskal dantza tradizionalaren historia kontatuko dute, eta dantzak ere tartekatuko dituzte emanaldian”, azaldu du Larekik. Gaur izango da, merkatu zaharrean, 19:30ean. Sarrera librea izango da.

Horren aurretik, 18:00etan, urteroko Street Boulder txapelketa egingo dute Mikel Laboa plazan, Platerotarraken eskutik.

Bihar, Ez donk Amairu eguna izango da auzoan, Antiguotarrak elkarteak antolatuta. Karteladaren ostean, bazkaria egingo dute frontoian, eta, bazkalostean, 16:30ean, kamiseta historikoen enkantea egingo dute. Arratsaldea Esan diot! elektrotxarangak girotuko du, eta, 20:30ean, Ez donk Amairu, Antiguotarrak hamalau ekitaldia egingo dute. Gauean, Oihu eta Indabe taldeek kontzertuak eskainiko dituzte frontoian, eta, 01:00etan, Miniño! DJ-a ariko da frontoian.

San Joan bezpera

Ekainaren 23an, San Joan bezperan, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan zehar, arratsaldean. Kalejira auzoko trikitilariek eta Jakintza ikastetxeko pandero ikastaroko ikasleek lagunduta egingo dute. “Gero, abesbatzaren emanaldia izan ohi da, baina aurten ez da halako saiorik egongo, ez delako jende nahikoa bildu horretarako”, azaldu du Larekik.

22:00etan, San Joan sua piztuko dute, Gaskonia plazan. “Dantza taldeko kideok alpargata eta san joan dantzak dantzatzen ditugu, eta, gero, konjurua abestuko dugu suaren inguruan”, adierazi du dantza taldeko kideak. Horrekin batera, erromeria txiki bat ere izango da Gaskonia plazan.

Antiguako sanjoanak amaitzeko, ekainaren 30ean XXXII. pala txapelketako finala egingo dute auzoko frontoian, 18:30ean.

Ikusi hemen Antiguako sanjoanetako egitaraua osorik. 

Dokumentuaren akzioak