Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak gune zabal eta osatua izango du aurki sarean

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak gune zabal eta osatua izango du aurki sarean

DANTZARIEN BILTZARRAREN web orria. Dantza taldeei eta ekitaldiei buruzko informazioa ere eskainiko du

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2001/12/09

Euskal dantzen inguruko informazio ugari bilduko duen webgunea prestatzen ari da Euskal Dantzarien Biltzarra, eta urtarrilean sarean izango da. Durangoko Azoka webgune horren aurkezpena egiteko baliatu du Dantzarien Biltzarrak, eta Xabier Mendizabalek, Jon Gamindek eta Jon Dorronsorok webgunearen asmoen eta edukien berri eman zuten atzo.



«Folklorea da gizarte bat ongien definitzen duen ekimena», esan zuen Xabier Mendizabalek webgunearen aurkezpenean. Horrenbestez, webgune berria euskal kulturaren zabalkunderako balio handikotzat dute Biltzarreko kideek.



www.euskaldantzarienbiltzarra.com helbidean bisitatu ahal izango da, aste batzuk barru, webgunea, eta zortzi atal nagusi kontsultatzeko aukera izango du bisitariak:



HISTORIA. Euskal Dantzarien Biltzarraren historia jasoko du, sortu zenez geroztik (1969) egun arterainokoan.



EUSKAL FOLKLOREA. Euskal folklorearen eta euskal dantzen inguruko informazio zabal eta osatua bilduko du.



AGENDA.Euskal Herri osoko dantza ekitaldien berri emango du, ahalik eta zehaztasun handienez.



FOLKLORE EGUTEGIA. Euskal Dantzarien Biltzarrak eratutako ekitaldien berri emango du, eta baita han eta hemen egindako folkore jaialdi nagusien berri ere.



ARTXIBOAK. Dantzen partiturak eta haien inguruko audioak, bideoak eta gisakoak eskainiko ditu.



ARGITALPENAK. Dantzaren inguruan argitaratzen den guztiaren berri emango du: liburuak, diskoak, bideoak eta beste hainbat euskarritako materialak. Horretaz gain, Euskal Dantzarien Biltzarrak plazaratzen duen Dantzariak aldizkariaren ale guztiak erosotasunez kontsultatzeko aukera ere emango du.



DELEGAZIOAK. Euskal Dantzarien Biltzarrak Euskal Herrian banaturik dituen bost delegazioetako berriak zabalduko ditu: Araba, Bizkaia, Iparraldea, Nafarroa eta Gipuzkoa.



DANTZA TALDEAK. Euskal Dantzarien Biltzarreko partaide diren dantza guztien helbideak eta berriak emango ditu. Ia 300 talde dira Euskal Dantzarien Biltzarreko partaide, eta 20.000 inguru dantzari dira talde horiek osatzen dituztenak. Kasu batzuetan, helbideaz gain, bestelako informazioa ere izango da talde bakoitzari buruz.

Dokumentuaren akzioak