Zestoako Iraeta auzoan ospatzen ari diren santainesen azken eguna da gaur, eta eguerdian, euskal dantzak zein pintxoak izan dira festetako protagonista. 12:00ak jotzearekin batera, Zestoako Itxaropena dantza taldeak euskal dantzez girotu du frontoia, eta dozenaka lagunen begiradapean aritu dira dantzariak ohiko euskal abestiak dantzatzen. Kalean euria ari zuela, herritarrek aterpean hartu dute babesa, baita dantza emanaldiaren ondoren ere. Izan ere, ohiturari jarraituz, pintxo lehiaketa egin dute Gure Ordeka elkartean, eta dantza emanaldian bezala, giro paregabea sortu da han ere. Auzotarrak pixkanaka joan dira elkartera pintxoak eramatera, eta guztienak bilduta, irabazlea hautatzeko ordua iritsi da, baita sabela betetzekoa ere.
Eguerdiko pintxo bazkariaren ondotik, arratsaldean izango dira festetako azken ekintzak, honako egitarau honekin.
- 19:30. Triki-poteoa, frontoitik hasita, Manexekin eta Erkizirekin.
- 21:00. Afari herrikoia: garagardo afaria. Saltxitxak eta txerri saiheskia, postrea eta garagardoa izango dira jan-edanerako.
- 00:00. Laket taldearen erromeria.