Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak badu erreleboa

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak badu erreleboa

Hirurehun dantzari bildu dira Dantzari Txiki Egunaren bueltara gaur. Euskal dantzaz eta doinuz girotu dituzte kaleak goizetik eguerdira Gipuzkoako hainbat herritatik heldutako dantzariek, eta Zubietako joaldun gazteek.
Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Erreportajea
Data
2025/05/01
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
dantzari txiki eguna Errenteria-Orereta
Dantzari Txiki Eguna egiten ari dira Errenteria-Oreretan.

Euskal dantzak hartu ditu gaur kaleak, dantzari txikien eskutik. Ereintza Dantza taldeak antolatuta, hirurehun dantzari inguru bildu dira udalerrira Dantzari txiki Egunaren aitzakiarekin. Zehazki, Lezoko Murixka, Beasaingo Aurtzaka, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola, Tolosako Udaberri, Zumaiako Musika Eskola taldeetako dantzariek, eta Zubietako joaldunek hartu dute parte Errenteria-Oreretako Herri Arte Eskolako dantzariekin batera. Ez da makala Ereintza Dantza taldeak egin duen lana egitaraua bikain bete eta euskal dantzari plaza eskaintzeko beste behin ere.

Giro bikaina jarri dute herriko kaleetan barrena 11:30etik aurrera. Orduan elkartu dira dantzari guzti-guztiak Koldo Mitxelena plazan eta handik lau taldeetan abiatu dira herriko beste hainbeste plazetara, kaleak euskal doinuz, eta batez ere euskal dantzaz jantzita. Txikiak dira guztiak adinean, baina handiak direla oso utzi dute ageri gaurkoan eskaini dituzten emanaldi denetan.

Zumardian denak elkartu dira, goizeko azken saio bateratua eskaintzeko, eta bertan hilaren 15etik 25era izango den Euskaraldiari keinu egin diote familia argazkia eginda euskararen aldeko ariketa erraldoiaren pankartaren atzean.

Goizekoak bukatuta, Gautxori, Txepetxa, Alkartasuna, Amulleta, Txintxarri, Landare, Hibaika eta Gure Toki elkarteetan prestatu dizkiete bazkariak indarrak batzeko. Laburrean egingo dute hitzordua, berriro, 16:30ean Zumardian txistularien eskutik dantzatzeko. Ondoren, Modestok jarriko du musika. Dantza berriz, gaurko protagonisten eskutik helduko da, dantzari txikiena izango da plaza.

 

Dokumentuaren akzioak