Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantza feminismotik aztertzen duten tailerrak egiten ari dira

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza feminismotik aztertzen duten tailerrak egiten ari dira

Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2020/11/30
Lotura
Argia

Euskal dantzan emakumeek izan behar duten lekuari buruz hausnartzeko espazioak bultzatu nahi dituzte Karla Agirrek (Gasteiz, 1998) eta Amaia Marinek (Gasteiz, 1995). Indarra dantza taldeko dantzariak dira biak. Otsailean dinamizatu zuten lehenengo aldiz Gasteizen "Euskal dantzatik feminismora" tailerra, eta orain bigarren ekinaldiarekin dabiltza. Azaroan Gasteizen eta Donostian eskaini dituzte saioak eta urtarrilean Basaurin.

Kattalin Agerrek landu du albistea dantzan.eus webgunean, eta hemen jaso ditugu bertako hainbat pasarte.

\"Euskal dantzatik feminismora\" tailerra. Argazkia: dantzan.eus.

Agirrek eta Marinek diote askotan izan dituztela eztabaidak emakumeek euskal dantzan duten paperaren inguruan, feminismotik nola hausnartu dantza... Baina nahiko modu informalean aritu dira: entsegu ondorengo tragoan, prestaketetan, lagunartean... Gasteizko jabetze feministako eskolatik tailerra antolatzeko aukera sortu zitzaien eta gaiari heltzeko aukera izan zitekeela pentsatu zuten. "Ikusi genuen bazela momentua euskal dantzaren barruan espazioa sortzeko emakumeak daukan papera ikusteko, hitz egin eta gogoeta sortzekoa".

Beraien asmoa hausnarketa bultzatzea da ariketen bidez, baina teoria ere lantzen dute. "Ikusten dugu gabezia izugarria dugula dantzen inguruan. Ez dakigu gure dantzak nondik datozen eta zergatik egun horrela dantzatzen ditugun". Uste dute ezjakintasunak ez duela laguntzen tradizioari begira aldaketa ematerakoan, dantza mundutik bide feminista eraikitzerakoan.

Historia, zailtasunak, jantziak, bizipenak

Oraingoz tailerrak lau esparru nagusitan banatu dituzte. Lehenengo saioaren helburua da parte hartzailea kokatzea. Tradizioa, kultura, generoa edo feminismoa bezalako kontzeptuek lantzen dituzte, eta kokapen historikoa ere egiten dute. Bigarrenean, emakumeek plazara ateratzeko izan dituzten zailtasunei erreparatze diete, eta hainbat herritako kasuak aztertzen dituzte. Horrekin batera gizonen joeren eta emakumeen parte hartzean hartu beharko luketen paperaren inguruko gogoeta ere bultzatzen dute.

Hirugarren saioan jantzien gaia lantzen saiatzen dira. Teoria pixka bat azaldu eta jantziak analizatzen dituzte, eta ariketen bidez genero perspektibatik sortutako emanaldietarako jantziak sortzen dituzte. Inauterietan ikusten diren transgenero joerei ere egiten diete lekua. Azken saioa, bakoitzaren bizipenei buruz hitz egiteko baliatzen dute. Helburua ariketak sortzea da, gero, bakoitzak norbere taldeetan gaia lantzen hasteko.

Dokumentuaren akzioak