Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza berritzeko helburua duen lehiaketa
Hori dela eta, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak hutsune bat nabari dela dio, erantzun bat jaso behar duen hutsunea. 'Gure dantza errepertorioa berritu nahi badugu, zerbait berezia proposatu behar dugu, eta dantza euskalduna berriro asmatu'.
Bi urtetan behin ospatuko den lehiaketa hau martxan jartzeak ez du esan nahi dantza tradizionalak alde batera utziko direnik, tradizioa eta sormena biak landu nahi baitira, baina ekimenaren sustatzaileek argi uzten dute sormena bultzatzea helburu garrantzitsuenetako bat dela beraientzat.
Gaur egun gehien dantzatzen diren dantzak duela mende erditik gora sortuak dira, orokorrean, eta Istequeren esanetan, 'unea iritsi da horrelako lan bati berriz ere ekiteko'. Hasiera batetan, Iparraldeko dantzariekin hasiko da lana, baina euren helburua Hegoaldeko dantzariek ere parte hartzea da, epe ertainean. 'Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu nahi genuke, egitasmoak bere zentzua denok parte hartuz gero lortzen baitu, baina abiatzeko orduan ez dugu jende gehiegirekin lanean jarri nahi eta horregatik Iparraldera mugatu gara momentuz'.
Gai egokia aukeratu
Lehiaketaren data zertxobait urrun izateak -2003ko abuztuaren 15a- ere badu bere arrazoia. 'Denbora behar da gai on batekin emateko , gure asmoa ez baita lehiaketa egunean soilik bizirik iraungo duen lanak ikustea, baizik eta gerora ere errepertorioetako parte izan daitezkeen dantza berriak lortzea. Horretarako, aukeratutako gaiak harremana izan behar du Euskal Herriko lema eta ohiturekin, eta egoki asmatzeko denbora behar da. Ondoren, euskal dantzarien bulegoari proposatu behar zaio, eta gero, noski, koreografia eta guzti hutsetik eraiki egin behar da'. Lehiaketa, momentuz, Iparraldeko taldeei irekia dago soilik. Dagoeneko, taldeek gehienek eskuratu dituzte bete beharreko fitxa teknikoak.
Euskal Dantzarien Biltzarraren egitasmoa, dena den, ez da aipatutako lehiaketara mugatzen. Frantziako Kultura Ministeritzarekin sinatu nahi dugun akordioa lortuz gero, euskal dantza irakasteko diploma bat ere sortu nahi dute, Istequek azaltzen duen bezala. 'Hau ere ez dugu Iparraldearentzat soilik egin nahi, eskualde guztientzat baizik'.
Dokumentuaren akzioak