Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantza berreskuratzen

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza berreskuratzen

Udaberri dantza taldearen helduen ikastaroa inoiz baino arrakastatsuagoa izan da. Zortzi urte daramatza taldeak helduei eskolak eskaintzen plazetan dantzatzeko ohitura faltak bultzatuta

Gustuko tokian nekerik ez. Eta are gutxiago plazan. Uda sasoia iritsi, eta Euskal Herriko plazak zortzikoz eta arin-arinez betetzen dira laster. Garaiak aldatu diren arren, ordea, badago dantzatzeko ohitura oraindik galdu ez dela esaten duenik. Ez dago esaterik erromeria krisian dagoenik; plazaz plaza dabiltzan musika taldeek aitortzen dutenez, ez dago etenik eta herri txikietako festek ez dute oraindik dantzarako zaletasunik galdu. Beste zenbaiten aburuz, berriz, gure dantzatzeko modua aldatu egin da, eta urteak igaro ahala, ohitura desagertzen ari da. Udaberri dantza talde tolosarreko kideen ustez, arrazoi nagusia jendearen ezjakintasuna litzateke, eta ez, ordea, jendearen gogo falta.
Egilea
Elene Arandia
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2015/01/30
Lotura
Diario Vasco

Bide horretan, dantza taldeak errezeta eta formula erraza proposatzen du: dantza egitea. Lotsa alde batera utzi, eta fandangoa, arin-arina, Larrain dantza edota Lantzeko inauteria bezalako erromeri zein plazetako euskal dantzak ikasteko aukera eskaintzen du duela zortzi urtetatik, helduei bideratutako ikastaroan. Garazi Artetxe Udaberriko egungo lehendakariak dioenez, lotsa galtzen ikasi egiten da, eta eskolek horretarako ere balio dute. «Ohartu ginen plazetan dantzan egiteko ohitura galtzen ari zela. Jendea gogotsu egoten da dantzatzeko, dantzatzera animatzen direnei begira. Lotsak eta ezjakintasunak eraginda, ordea, atzean gelditzen da, eta horrek ohitura desagertzea eragin dezake».

Dantzan egiten irakastea

Udaberri euskal kultura bultzatzeko asmoz sortu zen, eta asmo horretan dihardu egun ere, euskal dan-tza zaharrak berreskuratu eta jendeari erakusteko helburuarekin. 58. urteurrena ospatzen duen 2015 honetan, helburu nagusia jendeari dantzan egiten erakustea da, plazan zein erromeria giroan ongi dantza-tzen jakin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, ikasleek ez dituzte soilik dantza mota ezagunenak ikasten. Gabonak igaro ondoren, Larrain dantza ikasten hasten dira, eta, apirilean, berriz, Udaberriko kideek euren Erromeri Eguna antolatzen hasten direnez, helduen ikastaroetako ikasleak bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Xabi Artolak, ikastaroetako arduradunak, aipatzen du eskolak 14 urtetik gorako pertsonei zuzentzen direla, eta 20 urtera bitarteko gazteez gainera, 25 urtetik 50 urtera bitarteko inoiz baino jende gehiagok eman duela izena aurten. «Ikusten dugu jendea gogo handiz etortzen dela ikastera. Hala ere, ohikoa den bezala, batzuek erraztasun handiagoa dute, baina helduekin gustura egiten dugu lan, dantzak ongi ikasi nahi baitituzte».

Taldea 2007an hasi zen eskolak antolatzen, eta, urtetik urtera, ikasle helduen kopuruak gora egin du. Lehen urtean 17 pertsonek eman zuten izena, eta aurten inoiz baino jende gehiago bildu da dantzarako; alegia, 40 ikasle. Helduez gainera, Udaberrik haurrei zuzenduriko ikastaroak ere eskaintzen ditu. Artetxek dio dantza taldea haurren ikastaroetan hasten dela, eta etorkizunera begira harrobia sendotzeko asmoarekin jarraitzen dutela haurren ikastaroa antolatzen. «Egun, 180 ikasle gaztetxo aritzen dira astero euskal dantzak ikasten. Eta dantzaz gainera, jolasak egiten ditugu, taldeko giroa sustatzen saiatzen baikara. Bestalde, 15 mutil gaztez osatutako talde bat ere badaukagu orain dela hainbat urtetatik; izan ere, mutilak adin jakin batera iristean dantza egiteari uzten diote lotsak eraginda, eta mutil dantzariak berreskuratu nahi ditugu desoreka nolabait orekatzeko».

Helduen hitzordua asteartean izaten da Usabalen. Eskolak urrian hasi ziren, eta maiatza amaiera bitartera eskainiko dira. Kideek diotenez, bertara hurbiltzeko behar den bakarra kirola egiteko arropa erosoa eta alpargata parea dira. Hilabeteak 10 euro balio ditu (5 euro ikasle, langabe eta jubilatuentzat). Haurren ikastaroetan izena emateko epea amaitu da dagoeneko, baina helduen ikastaroetarako, berriz, irekia mantenduko da ikasturtean zehar.

Usabal kiroldegian. Helduen ikastaroak Tolosako 50 pertsona elkartu ditu aurtengo ikasturtean.

Usabal kiroldegian. Helduen ikastaroak Tolosako 50 pertsona elkartu ditu aurtengo ikasturtean.

Dokumentuaren akzioak