Dokumentuaren akzioak
Euskal Dantza Astea, Orozkon
Datorren asteburuan, Orozkon, III. Euskal Dantza Astea izango da, eta horren harira, aste honetan zehar Orozkoko Museoak euskal jantzi eta ezkontzako soineko tradizionalen gaineko erakusketa bat zabaldu du.
Datorren larunbat eta igandean, apirilaren 9 eta 10ean, Orozkoko Ubixeta Dantza Taldeak antolatuta, eta Agintzari Dantza Talde, Orozkoko Museo eta Udalaren laguntzarekin, III Euskal Dantza Astea egingo da Gorbeiako udalerri honetan.
Güeñes, Amurrio, Zalla, Laudio, Balmaseda eta Karrantzatik etorriko diren taldeek Orozkokoarekin bat egingo dute herriko kaleak eta Zubiaur plaza musika, kolore eta dantzaz betetzeko. Guztira, 250 dantzari elkartuko dira hirugarren edizio honetan.
Era berean, aste osoan zehar Orozkoko Museoak Euskal Jantzien erakusketa hartu du. Basauriko Agintzari Dantza Taldeak antolatu du eta bertan erakusten dira ezkontzako soinekoak, ezkongaienak eta gonbidatuenak, baita osagarri asko ere.
Dokumentuaren akzioak