Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal abesti tradizional bat, Madonnaren Eurovisioneko ikuskizunean?

Dokumentuaren akzioak

Euskal abesti tradizional bat, Madonnaren Eurovisioneko ikuskizunean?

Pop musikaren erreginak Eurovisioneko ikuskizunean eskainitako ‘Like a prayer’ abestiaren sarreran Zuberoako 'Oihaneko zuhainetan' abesti tradizionala dagoela dio Joxan Goikoetxea soinu-jotzaileak.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2019/05/21
Lotura
Naiz

Madonnak Kalakan taldea ezagutu eta euskal identitatea munduan zehar biran eraman zuenetik, Euskal Herriak pop musikaren erreginarengan utzitako arrastoarekin tematuta gaude. Asteburuan Tel Aviven izan da Madonna, Eurovision jaialdiaren galan.

Zeresana eman du Madonnaren ikuskizunak; batetik, tonua erabat galduta kantuan ibili zelako; eta bestetik, bandera palestinarra erakustea lortu zuelako ‘Future’ abestian zehar.

Oraingoan, ostera, ’Like a prayer’ abestiaren sarreran jarri nahi dugu arreta. Madonna agertokira salto egin aurretik, monjez jantzitako berrogei bat abeslarik osatutako koroak eman zion sarrera. Hitzik gabe, ahapetik aritu ziren abesten baina, melodia txiki hori nahikoa izan da batzuentzat abestiaren oinarrian Zuberoako 'Oihaneko zuhainetan' abesti tradizionala dagoela esateko.

Joxan Goikoetxea soinu-jotzailea izan da kointzidentziaren berri eman duen lehena. Goikoetxeak duen Facebook orrian eman du abestiaren berri. Olerki tradizional hau, Goikoetxearen arabera Euskal Herriaz mintzo da, «Europako herri zahar, leial, zintzoenaz».

Madonnaren abestiaren erroa analista guztiei iskin egin ziola esan eta 'Oihaneko zuhainetan' euskal abesti tradizionalaren bertsio desberdinak partekatzen ditu mezuan. Lehena, Madonnak Tel Aviven eskainitakoa, eta bigarrena, bere taldea den Albokak egin zuena.

Madonnari eskerrak emateaz gainera, Euskal Herriak Eurovisionen parte hartzeko eskaria ere luzatzen du Goikoetxeak mezuan.

Dantzan web orriak ere zabaldu du abestiaren albistea eta «zein euskal kantarekin hasi du Madonnak Eurovisioneko bere emanaldia?» galdera pausatu du bere jarraitzaileentzat,

'Oihaneko zuhainetan' euskal abestiaren letra, Joxan Goikoetxeak partekatua:


Oihaneko zuhainetan eder zuhainik gorena
Europako popülietan famatürik üskaldüna
Hura da zaharrena Kantabriaren semia
Lorius bere lurretan beti libre egon dena.

Leheneko üskaldüneri fama zaio baratü
Fidel zela herriari eta legetan argitü
Hura izan da gerlari, üsü odolak ixüri
Fidelitatian etxeki eta legia hareki.

Haritx piala bildürik üskal herri orotarik
Bakotxak bere botza emanik eta legia zen egin
Orai ezta legerik ez eta ere juntarik
Fidelitatia galdürik eta legia saldürik.

Dokumentuaren akzioak