Dokumentuaren akzioak
Europako maskaradei buruzko lana ikusgai da Bilboko Euskal Museoan
Bilboko Euskal Museoak bihar aurkeztuko du Charles Freger argazkilari frantsesak Europako maskaradei buruz egin duen lana. Erakusketa berri hau Dichroma-Photographyren eskutik eta Inauteria Europako Erregea proiektuaren barne kokatzen da.
Fregerrek hautatutako 60 argazki ikusgarrien bitartez, wilder mann basapiztiaren itxurako gizonaren ideiaz jabetuko dira bisitariak eta, era berean, Europako hainbat herrialdetako inauterietan izan ohi duen errepresentazioa ezagutuko dute, museo bilbotarreko arduradunei jarraiki. Erakusketaren inaugurazioa bihar izango da, ilun-tzeko 19:30etan. Museoan izango dira Gonzalo Olabarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Iñaki Lopez de Agileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Amaia Basterretxea, Bilboko Euskal Museoaren zuzendaria, Boris Izaguirre telebistako aurkezle eta idazle, baita Charles Freger bera ere.
Halaber, Altsasuko Inauteriak kolektiboa ere egongo da, Charles Fregerren argazki-erreportajean parte hartu zuten sei pertsonaiarekin: Estandartea, Momotxorroa, Juantranposo, Maskarita, Akerra eta Sorgina. Eurekin batera, Mececerreyesko (Burgos) inauteriko ordezkariak ere izango dira.
Irudi batzuetan, protagonista nagusiak larruak izango dira; beste batzuetan, aldiz, adarrak edo lastoa, beti direlako naturako eta inguruko elementuak; baina pertsonaiak koloretsuak zein ilunak izan, beti dira beldurgarriak. Horretarako, adarrak, zintzarriak edo mozorroak erabiltzen dituzte, eta modu erritmikoan mugitzen dira, batzuetan figura bakarti gisa, eta beste batzuetan taldean.
Charles Freger (Frantzia, 1975), Arte Ederretan diplomatua da. Gizarte-taldeen adierazpen poetiko eta antropologikoan aritu izan da, eta bere lanek gazte garaikideen itxurari buruzko hausnarketa proposatzen dute. Piece of Cake (www.pocproject.com) sarearen eta POC argitaletxearen sortzailea ere bada.
Kroaziako 'Dondolasi' pertsonaia. (Charles Freger)
Dokumentuaren akzioak