Dokumentuaren akzioak
Europako dantzari onenak izango dira Euskaldunako Breakdance Lehiaketan
Arriolak eta Logela Multimediak antolatu deialdia aitzindaria da kontinentean Zazpi taldek aurkeztuko dituzte beren koreografiak maiatzaren 15eko ekitaldian
70eko hamarkadan sortu zen breakdance-a kalean. Urteekin batera bilakatzen joan den adierazpidea da, eta hip-hop kultura goraka doan honetan, gaurkotasun osoa du.
Elorrioko Arriola Kultur Aretoak eta Logela Multimediak hirugarrenez antolatu dute breakdance lehiaketa. Aurreko bi ekitaldietan lorturiko arrakastak animaturik, Europa osorako deialdia egitea deliberatu dute. Izan ere, aurrekontu potologoarekin, Euskalduna Jauregira egingo dute jauzi, bitarteko hobeagoak izateko.
Break On Stage 2004k taldeko lana sarituko du. Lehiaketa horretan koreografiak du garrantzia gehien. Breakdance-a, musika eta agertokiko elementuak dira Euskaldunan ikusiko diren lanen osagai nagusiak.
«Oso ikuskizun garaikidea ikusiko da», aurreratu dute antolatzaileek. Izan ere, parte-hartzaileen koreografiei lagunduz, Logela Multimediak irudiak proiektatuko ditu lan desberdinen artean zubiak eraikitzeko, istorio bereko atalak balira bezala.
Iaz elektrizitatea gaitzat hartu zuten emanaldiak elkarri lotzeko. Aurtengoan fotokopien gaiarekin jolastuko dira.
Lau-sei lagunek osaturiko taldeek hartuko dute parte Euskaldunako Break On Stagen. Guztira 40 bat dantzari arituko dira. Bi ordu inguruko emanaldia izango da Euskaldunakoa. Talde irabazleak 2.500 euro eskuratuko ditu.
Dokumentuaren akzioak