Dokumentuaren akzioak
Europa osoko urratsak gurean
Ezpalak dantza jaialdia izango da asteburuan, eta bikote dantza askatuak izango dira gaia
Europako hamaika pauso bilduko dira asteburuan Iruñeko eta Eibarko
kaleetan. Transilvaniako (Errumania) hungariarren eta ijitoen dantzak
izango dira ikusgai, baita Calabriako (Italia) Vesubioko tarantella
izeneko dantza ere, Auverniako (Frantzia) bourre-ak, Asturias eta
Aragoiko jotak (Espainia), baita Euskal Herriko jota eta porruak ere.
Aurrez aurre ariko dira dantzan Europa osoko dantzari bikoteak, beraz.
Larunbatean,
17:30ean hasiko dira ekitaldiak Iruñean. Kalejira izango da Alde
Zaharreko kaleetan, eta 18:00etan Burgoen Plazan hasiko dira dantza
ikuskizunak. Iruñeko Duguna dantza taldea, Aragoiko Xinglar taldea,
Italiako Rareca Antica taldea, Galdakaoko Andra Mari taldea, Errumaniako
Kikerics taldea, Asturiasko Vezos Astures taldea eta Frantziako La
Bourre Gannatoise taldea ariko dira dantzan.
Egun beteko festa igandean
Larunbatean
eguerdian hasiko da festa Eibarren, eta 12:30ean hasiko dira
ikuskizunak, Untzaga Plazan. Eibarko Kezka taldea ariko da kasu honetan
Iruñeko Duguna taldearen ordez, baina mantendu egingo dira gainontzeko
ikuskizunak. 14:30ean, bazkaria izango da, eta erromeria azkenik,
Arrabots izeneko taldearekin.
Dantza ikuskizunez gain, Eusko
Ikaskuntzaren Folklore Sailak dantza askatuaren inguruko jardunaldi
akademikoak ere antolatu ditu Eibarko Portalea Kultur Etxean.
Larunbatean eta ekainaren 4an izango dira jardunaldi horiek.
EZPALAK DANTZA JAIALDIA
Zer. Europako hainbat dantza talderen ikuskizunak eta hitzaldi akademikoak.
Non. Iruñean larunbatean eta Eibarren igandean (Gipuzkoa).
Iruñeko Duguna dantza taldea da Ezpalak jaialdiaren antolatzailea (irudikoa), Eibarko Kezka taldearekin batera. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak