Dokumentuaren akzioak
Euria dantzaren erritmo
Dantza, musika eta poesia euriaren erritmora moldatu ditu Villabonako Oinkari taldeak Ari du
ikuskizunean. Euskal Herriko kantuak oinarri hartuta, dantza
tradizionala eta garaikidea nahastu dituzte, eta Juan Kruz Igerabide
idazleak irakurritako poesiak txertatu dituzte. Apirilaren 15ean Tolosan
egin zuten emanaldia, eta han egindako lanarekin pozik gelditu zirenez,
ikuskizuna DVD batean argitaratu dute, olerkiak eta dantzak biltzen
dituen liburuxkarekin batera.
Edu Muruamendiaraz koreografoak
moldatu ditu abestiak eta dantzak. Alazne Gurrutxaga Oinkariko kidearen
esanetan, Muruamendiarazen lanari esker eman dute dantza garaikiderako
pausoa: «Ez gaude oso ohituta arrakasta honetara, herri mailako dantza
talde bat garelako. Proiektu hau egin dugun gauzarik
garrantzitsuenetakoa da. Eduri esker, gure estiloan aldaketak egin
ditugu, dantza garaikidera hurbilduz». Ikusleek animatuta argitaratu
dute DVDa: «Egindako lanarekin gustura gelditu ginen, baina ikusleak
izan ziren emanaldia argitaratzera animatu gintuztenak».
Euria
da dantza eta poesia elkartzeko gai aproposena Gurrutxagarentzat:
«Ikuskizuneko protagonista euria da, eta horrek erritmoarekin jokatzeko
aukera eman digu. Euskal Herriko ingurunearen ezaugarri nagusietako bat
da, eta musikarekin erritmo aldaketak lantzeko aitzakia eman digu».
Dantza
ez ezik, poesia ere txertatu dute ikuskizunean: «Literaturako arloak
aztertu ondoren, euriak markatutako erritmoa adierazteko egokiena poesia
zela iruditu zitzaigun; izan ere, errezitaldiak berak erritmo ugari
izan ditzake, eta joko horrek asko errazten du dantzaren eta
irakurketaren arteko lotura». Poesia dantzaren erritmora moldatu du
Igerabidek: «Oso garrantzitsua zen proiektu honetarako erritmoa
markatzeko gai ziren testuak aukeratzea, dantzarekin batera jokatzeko».
Bere testuak ez ezik, euskal idazleen poesiak ere erabili ditu.
Herriko
dantza talde bat da, hala ere, zazpi urtean profesionalen pare egin
dute lan bertako dantzari gazteek. Muruamendiarazen arabera, taldekideek
menderatu dituzte koreografia garaikideak: «Gozatu egin dut lan hau
egiten. Zazpi urtean aritu naiz Oinkari taldearekin, eta txikitan hartu
nituen dantzariak koxkortzen ikusi ditut, profesionalen pareko mailara
iritsiz».
Dantza tradizionalak eta garaikideak poesia eta musikarekin nahastu ditu Oinkari taldeak. / - / EZEZAGUNA
Dokumentuaren akzioak