Sahatsa dantza taldeak Sahatsa plazan izeneko emanaldia eskaini zuen atzo, igandea, herriko plazan. Azkoitiko Udalak uztailerako antolatu dituen kultur saioen barruan aritu ziren dantzariak herritarren aurrean, 20:00etan hasita. Euri-lanbroak emanaldiaren hasieran mehatxu egin bazuen ere, Sahatsakoek gogotik gozatu eta gozarazi zuten.
Ordubete eskaseko dantzaldia eskaini zuten, eta besteak beste, Lapurdiko dantzak, Bidasoako ezpata dantzen bilduma, Preludio ikuskizunerako egin zuten dantza sorta bat, Aita San Antonio ikuskizuneko pasarte bat eta fandangoa dantzatu zituzten. Dantzarako kutxa ere atera zuten Azkoitiko plazara aurrenekoz, kaxarranka dantza eskaintzeko. Agurra, berriz, Agur Zuberoa abestiarekin eskaini zuten dantzariek. Sahatsako kideek hanka arinak dituztela erakutsi zuten beste behin. Jendeak txalo zarta handiekin eskertu zuen dantzariek egindako lana.