Dokumentuaren akzioak
Etzi jokatuko da Errenterian gazte mailako XVI. Gipuzkoako Aurresku Txapelketako finala
Orotara, zazpi urtetik hamabost urte arteko 60 dantzarik hartu dute parte txapelketan
Legazpi, Ordizia, Elgoibar, Altsasu, Beasain, Oiartzun eta Azpeitiko mutilak dira parte-hartzaile guztiak, eta bi taldetan banaturik dantzatuko dute: zazpitik hamaika urte bitartekoak alde batetik, eta hamabitik hamabost urte bitartekoak bestetik. Lehen taldekoek Alpargata eta Agurra dantzatu beharko dute; bigarren taldekoek, berriz, Desafioa, Alpargata eta Agurra.
Dantzari horiek urtean zehar Gipuzkoako zortzi herritan izan diren kanporaketetan sailkatu dira finalerako. Guztira, 60 dantzari gaztek hartu dute esku txapelketan.
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendaturiko epaimahaiak epaituko du dantzarien lana, eta hiru sari banatuko ditu talde bakoitzeko dantzarien artean: lehenari txapela, gerrikoa eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak eskainitako makila eta trofeoa emango die; bigarrenari trofeoa; eta hirugarrenari ere trofeoa.
Bi taldeetako dantzarien emanaldien artean egingo duten atsedenaldian, Euskal Herriko Gipuzkoako erako aurresku txapeldun Aiert Beobideren emanaldia izango da.
Iazko txapelketan Alain Maia eta Martxel Rodriguez izan ziren garaile, lehena hamabitik hamabost urte arteko dantzarien artean, eta bigarrena zazpitik hamaika urte arteko dantzarien artean.
Dokumentuaren akzioak