Dokumentuaren akzioak
Etxarri Aranatz: kintoak eta kinto zaharrak parrandan
Guztiak ere, aurreko urteetan bezala, abenduaren 31n etxez etxe eskean ibili ziren, kinto ospakizunetarako dirua lortzeko. Eta haien kinto ospakizunak ihoteetakoekin bat egin dute. Izan ere, aurreko hiru ostegunetan, Gizakunden, Andrekunden eta Garikunden, den-denak txatarraz jantzi eta batzuk etxez etxeko eskean ibili dira. Besteak, zigorrak eskuetan, haurren atzetik ibili dira korrika, haiek berotu asmoz. Korrikaldi eta eske saioen ondoren jasotakoarekin afaltzera joan dira.
Etzi, zalduniyoten, haurrendako jokoak antolatzeaz ere kintoak arduratuko dira.
Elkarrekin
Astelehen iluntzean aurtengo 24 kintoak eta joan den urteko 17 kinto zaharrak elkartu eta Iturri Ederren afalduko dute. Gauerdian Tolosarako autobusa hartu eta gaua han emanen dute. 08:00etarako buelta eginen dute eta ahal bezain goizter kalean izanen dira. Turrutxiki txarangak lagunduta herrian barna kalejira eginen dute kintoek eta, bide batez, eskean ibiltzeko baliatuko dute. Haiekin batera segizioa mozorrotutako makina bat haurrek osatuko dute. Herriari buelta eman eta gero, Borda jatetxean bazkalduko dute eta gero kintoek ihote ospakizunekin bat eginen dute.
Dokumentuaren akzioak