Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Etorkizuneko altxorrei adi

Dokumentuaren akzioak

Etorkizuneko altxorrei adi

Dantzari gazteen III. Bilbo Hiria lehiaketa izango da Arriaga antzokian datorren azaroaren 16an.

Komunikabidea
Matraka.info
Mota
Erreportajea
Data
2008/10/29


«ABBEko kideek , balletaren maitale sutsu gisa, pentsatu genuen ideia paregabea izango zela urte osoan isil-isilik lanean aritzen diren gazte horiei anonimotasunetik irteteko aukera ematea», azaldu dio matrakari Adolfo Yebra ABBEko lehendakariak. «Orduan bururatu zitzaigun dantza eskolak eta kontserbatorioak sustatzeko eta indartzeko lehiaketa bat sortzea. Urte osoan lantzen dutena erakusteko aukera eman nahi genien». Horrela jaio zen dantza klasikoa, neoklasikoa, garaikidea eta espainiarra lantzen duten 13 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako saria.

PIXKANAKA, EZAGUNAGO. Lehenengo lehiaketan, 2006koan, ia parte-hartzaile guztiak bizkaitarrak izan ziren. «Oraindik ez ginen oso ezagunak, gure lehenengo urtea zen ABBE gisa ere, eta lehiketa ongi joan bazen ere, agian eskas samarra izan zen». Gehienak bizkaitarrak izanik, lehiaketako altxorra ere bizkaitarra izan zen. «Zorte izugarria izan genuen, 13 urteko neskatila harrigarri batekin egin genuen topo, Sara Etxebarri bilbotarrarekin», azaldu du Yebrak. Neskatila hark irabazi zuen lehiaketa, eta dagoeneko ari da pixkanaka bere bidea egiten. «Egun Igor Yebraren akademian dabil, eta erritmo horretan eta daraman garapenarekin jarraitzen badu dantzari profesionala izatera ailega daitekeela dio Igorrek», azaldu du ABBEko zuzendariak.
Iaz oihartzun handiagoa izan zuen lehiaketak. «Hainbat akademiatako ikasleak bakarrik ez, kontserbatorioetako dantzari gazteak ere aurkeztu ziren», azaldu du. Gasteizko eta Murtziako Espainia kontserbatorioetako gazteak izan ziren, besteak beste. Eta bigarren urtez jarraian, beste altxor batekin egin zuten topo. «Gasteizko hiru neskatila ikaragarrik hartu zuten parte. Lehengo eta hirugarren sariak lortu zituzten», azaldu du ABBEko lehendakariak. Irabazlea Aiara Iturrioz Gasteiz, 1992 izan zen. Yebrak ongi gogoratzen du neskatila ikusi bezain pronto epaimahaiko kide batek esandakoa: «Hauxe da lehiaketako harribitxia». «Eta, egia esan, zoragarria da», gaineratu du.
Bi urtean etorkizuneko bi altxor topatu dituzte, eta orain buru-belarri dabiltza hirugarren lehiaketa prestatzen. Aurreko bietan baino parte-hartzaile gehiago espero dituzte, gainera. «Madrilgo, Zaragozako eta Valladolideko Espania kontserbatorioetako gazteak ere izango dira aurten». Dagoeneko amaitu da izena emateko epea. Eskolek edo akademiek dantzari gazteen bideoak bidali dituzte ABBEren egoitzara, eta lehen hautaketa lanetan dabiltza epaimahaiko kideak. Lehiaketa datorren azaroaren 16an izango da, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean. Ziur aurten ere altxor berriren bat izango dela.
Yebraren hitzetan, lehiaketa aukera paregabea da dantzari gaztetxo horientzat. «Batetik, Arriaga antzokian lehiatzeko aukera eskaintzen diegu; gainera, dantza arloko profesionalez osatutako epaimahai bat ari da beraiei begira, eta hori gutxi balitz bezala, irabazleak Euskaldunak eta dantza ikuskizunean parte hartzeko aukera dauka». Gala horretan, gainera, izen handiko dantzariekin batera aritzen dira taula gainean, eta, Yebrak azaldu duenez, «oso garrantzitsua da euren curriculumerako, eta gaztetxoak ilusio handiz etortzen dira lehiaketara».

IRABAZLEAK

SARA ETXEBARRI
Bilbo, 1993. 2006ko irabazlea.
Bilbon jaio zen, 1993an. Dantzari gazte honek dantza klasikoko ikasketak egin ditu, Begoña Zabalaren, Marta Garciaren eta Ana Rosa Terceroren eskoletan. Gaur egun, Igor Yebra dantzariarekin ikasten ari da, eta, gainera, flameko eskolak hartu ditu Chua Alba eta Amparo Olmedorekin. Dantzari Gazteen Bilbo Hiria lehiaketako irabazle izan zen duela bi urte, eta, horri esker, 2007ko ekainean Bilboko Euskalduna jauregian egin zen Euskaldunak eta dantza jaialdian parte hartu ahal izan zuen. Besteak beste Alicia Amatriainek, Itziar Mendizabalek eta Iker Murillok hartu zuten parte jaialdi hartan.

AIARA ITURRIOZ
Gasteiz, 1992. 2007ko irabazlea.
Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko ikaslea da Aiara Iturrioz. Orain hamasei urte jaio zen, Gasteizen, eta zazpi urte zituenean hasi zen dantza eskolak hartzen kontserbatorioan. Bere kideekin batera, Gasteizko dantza kontserbatorioaren ekimen guztietan hartu du parte. Gainera, iaz, Dantzari Gazteen Bilbo Hiria lehiaketa irabazi ostean, Euskaldunak eta dantza jaialdian hartu zuen parte, pasa den ekainean, Bilboko Euskalduna jauregian. Besteak beste, Alicia Amatriain, Asier Uriagereka, Jon Vallejo eta Jon Ugarriza dantzariek ere hartu zuten parte jaialdi horretan.

Etorkizuneko altxorrei adi

Dokumentuaren akzioak