Dokumentuaren akzioak
Etorkizuna Kontzeptua konpainia sortu da euskal dantzaren alde indarrak batzeko
Dantzariei, musikariei,
koreografoei edo beste motako eragileei idekia den "laborategiak" euskal
ondare inmaterial hunen birsorkuntza lagundu beharko luke. Euskal
Kultur Erakundea ( EKE ) eta Miarritzeko Malandain balletarekin joan den
ortziralean izenpetu duen hitzarmenari esker, Etorkizuna Kontzeptuak
sostengu tekniko eta ekonomikoa segurtaturik ditu hiru urterendako,
2014a arte.
Gaur egun, konpainia gazteak Euskal herriko taldeetatik datozen berrogei
bat dantzari eta musikari heldu biltzen ditu: Begiraleak, Biez Bat,
Ezpela, Kukai gazte, Leinua, Primadera... Erregularki biltzen dira
teknikaren lantzea eta koregrafia berrien ikaskuntza aldizkatzen
dituzten tailerren bidez.
Etorkizuna Kontzeptuak konpainia iraunkor baten izaiteko xedea du, urtez
urte dantzari eta musikaren mailaren hobetzeko. Talentuz beteriko talde
bat sentsibilitate ezberdineko koreografo eta konpositoreen eskutan
utziko da sorkuntzaren aniztasuna zilegitzeko.
Lehen emaitza hemendik zazpi hilabetetara
Bittor Corret, Christian Larralde eta Maider Oiartzabal euskal
koreografoek landutako "Ravel Jauna" deitutako sorkuntza 2012 urrirako
aurkeztea espero dute. Ez da dudarik beste ikusgarri batzuk gauzatuko
dituztela ondoko hilabeteetan. Konpainiak "kudeantza artistiko" bakar
baten eskutan ez izaitea erabaki du, hain zuzen, ahal bezain bat
koreografoentzat atea idekirik uzteko. Musikari eta dantzariz osatutako
administrazio kontseilu batek ditu erabaki artistikoak hartuko.
EKE eta Malandain balletarekin Etorkizuna Kontzeptuak izenpetu duen hiru
urteko itunari esker, bi partaideek euskal kulturaren mailan duten
jakintasunaren aprobetxatzeaz gain, balletak dantzaren arloan duen goi
mailako tektnika aholkularitza onuragarri ukanen du.
Hiriburuko Leinua konpainiak 2011ko apirilan ukan zuen biltzar nagusian,
Etorkizuna Kontzeptua sortzeko iniziatiba hartu zuen. Dituen egoitza,
materiala eta esperientzia prestatu zion haren "umeari". Hortaz gain,
Sakratua sorkuntzari esker Leinuak irabazten zituen etekin ekonomikoak (
11 000 euro ) erabiltzen zituen proiektu berriaren lehen urratsak
diruztatzeko. Aurtengo urte bukaeratik goiti, Hiriburuko herriko etxeak
bulego bat eta dantza gela bat prestatuko die.
Heldu gazteen dantza praktikaren uztea arrazoi ezberdinengatik ( lana,
ikasketak... ), talentuen dantzarien barreiatzea lurraldeko talde
ugarietan, betiko jestu koreografikoen errepikatzeatik datorren nazka
edo testuinguru ekonomiko zailak goi mailako euskal dantzaren garapena
azkarki mugatzen dute eta ondorioz, oztopo guzi haiei aurre egiteko� du
Leinuak iniziatiba hau abiarazi.
Konpainiaren bizia 2014a arte bermaturik da eta epe hunetan emandako
sorkuntzen arabera, ikusiko da ebenturak segituko duen edo ez.
Dokumentuaren akzioak