Dokumentuaren akzioak
Eta orain, 51.aren bila
50. urteurreneko azken ospakizun ekintzak egin ditu Erketz EDTk asteburuan. Larunbatean, desfilea eta dantza emanaldi sorta; igandean, bazkaria eta erromeria
Garaikoetxea-Landaberri ikastolan ez zen ia inor gehiago kabitzen atzo arratsaldeko bostetan. Bertan elkartu ziren desfileko parte-hartzaileak. Lerro luzea osatu aurretik, talde argazkiak atera zituzten eskolako patioan. Musikariak instrumentuak jotzen hasi eta berehala hasi ziren ibiltzen: ikastetxetik atera, Kale Nagusia zeharkatu, Ola Kalean eskuinera hartu ibaitik joateko, Hipodromo Etorbidea gero, Pablo Mutiozabal kalea, Geltoki, eta Okendo plaza. Ordubete inguru behar izan zuten ibilbidea osatzeko. Hainbat herritar atera ziren kalera dantzariak eta euren jantziak ikustera. Balkoietara ere atera ziren asko.
Okendo plaza ere mukuru zegoen, dantzarien emanaldia ikusteko. Ohi bezala, agurra dantzatu zuen emakume dantzari talde gazte batek. Ondoren, harrobikoen txanda: Baztango esku-dantza, Mahai gainekoa eta Txulalai plazaratu zituzten Erketz Txikiko neska-mutilek. Helduak itzuli ziren ondoren plazako eszenatoki inprobisatura. Egitaraua: Gipuzkoako alpargata eta brokel dantza, Behe Nafarroako ingurutxoa, Jaurrieta, Eltziego, Tttun-Ttun, Leitzako ingurutxoa, Lapurdi eta Gasteiz. Bi ordu pasatxoko emanaldia eta gero dantzariek indarrak zituzten oraindik; arin-arina, fandangoa eta kalejira dantzatu zituzten. Hainbat ikus-entzule ere animatu ziren plaza erdira irtetera.
Atzo erabilitako indarrak gaur hartu dituzte, Michelinen egin duten bazkarian. Dantzarik gabekoa ezin zuen izan egunak, eta erromeria egin dute arratsaldean.
Dokumentuaren akzioak