Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka … eta ekainaren 28aren ostean, nola jarraitu dantzan eta iraultzan?

Dokumentuaren akzioak

… eta ekainaren 28aren ostean, nola jarraitu dantzan eta iraultzan?

Asteburuan manifestaldi andana izan da sexu askapenaren aldarria oinarri hartuta. Eragile sozialok eta norbanakook urte guztian lan handia egiten dugu gai hau ardatz hartuta, eta ekainaren 28a da lan hau guztia azpimarratzeko eta indartzeko eguna.
Egilea
Ibai Fresnedo eta Kepa Blázquez Roteta
Komunikabidea
klitto.com
Mota
Iritzia
Data
2015/07/02
Lotura
klitto.com

Aitzitik, bada egun honi bere mamia kendu eta berau eduki politikoz hustu nahi duenik ere. Instituzioek eta merkatuek esaterako erakutsi dituzte euren hatzaparrak borrokarako dugun ekainaren 28a zirku bihurtzeko, eta hala, gure eguna despolitizatzeko eta merkatu sisteman sartzeko. Hatzapar hauen burua ordea sistema heteropatriarkala da, eta monstruo hau arteka guztietatik sartzeko gai da: etxeko komunetik hasita, gure herriko plazaraino.

Euskal kultura bera eta berau osatzen dugun identitateak (zu zeu horietako bat zara irakurle) ez gara hatzapar hauetatik aske: piztitzarrak aspaldi harrapatu gaitu. Piztiak ederkitxo daki nori eman espazio publikoa eta fokoa; heteroaraua erreproduzitzen duen orori.

Euskal dantzetan ere fokoa piztitzarraren eskuek gobernatu dute eta gobernatzen dute. Euskal dantza tradizionalen eremuan bazterrekoak garenok ez dugu inoiz lekurik izan eta ez dugu leku esanguratsurik oraindik ere. Bazterreko izate hori ordea ez da inolako kontzeptu korapilotsua: bazterrean gaude inposaturiko normaltasunetik kanpo gaudenok. Bollerak, marikak, transexualak, beltzak, musulmanak, gurpildun aulkietan gaudenak, lodiak…. Gu guztiok ezin izan dugu, edo hobeki esanda, piztiak ez digu inoiz utzi, euskal dantzen alorrean presentzia izaten, gure lekua izaten, agertokiko fokoa guretzat bakarrik izaten. Beti izan gara bazterrean, beti bazterreratu gaitu piztiak.

Gure proposamena horren harira dator: bazterreko dantzarion euskal dantza taldea sortu nahi dugu.

Zu ere euskal dantza tradizionalean ibilitakoa bazara eta zure sinismen eta aldarrikapen politikoek euskal dantza tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin talka egin izan badute urteak joan urteak etorri, hauxe da zure aukera.

Zuk ere euskal dantzen plazeraz gozatu nahi baduzu, baina orain arte euskal dantzetan sortarazi dizkizuten errealitateak ez badatoz bat zure bazterretako identitatearekin edota are okerrago, euskal dantzetan jarduteko, askotan (gehienetan) faltsukeria deserosoetan eroriarazi bazaituzte edota askotan (gehienetan) zure identitateari eta sinismen politikoei uko egin behar izan badiezu, hauxe da zure aukera.

Sueltoan mutilak neskari gona altxatzeko keinua egin ohi duenean, ez al litzateke izugarria izango neskak autodefentsa feministaz erantzutea gona altxatzeko keinua egin dion mutilari? Mutilek espiritu gerlari eta lehiakorra adierazi beharrean ezpata dantzan, ez al litzateke posible euskal dantzek luma marika edo bolleroa TRANSmititzea? Desira eta erotika heterosexualaren espresio/birprodukzio etengabea islatzen duten polkak ezingo lirateke irauli? Janzkera sexistak eta elemetu sinboliko falikoak moldatu ahalko genituzke bazterreko dantzarion arma moduan erabiltzeko? Bere buruari galdetu ahal dio inoiz euskal kulturak nola egin behar dudan agintariena dantza, gurpildun aulkian nagoen honek ezin baitut makurtu ikurrina airean bueltaka dabilenean?

Zure ustez ere posible al da beste errealitate bat eraikitzea euskal dantzen iruditerian? Nork eragotzi behar digu gure sorkuntza prozesu propioa sortzea? Zergatik ez ipini zalantzan hainbeste urtetan bazterreratu gaituen euskal dantza tradizionalaren markoa?

Proiektua ez da gauerdiko ahuntzaren eztula: sekulakoa egingo baitugu!! Sekulakoa egiten hasi baikara jada!!!

Hortaz, badakizu, urtetan euskal dantzan bazterrean izan duzun lekua utzi, baina bazterreko izateari utzi gabe, agertokiaren erdigunea hartzeko gogoz bazaude, ez izan zalantzarik.

Dantza hain pertsonala den heinean politikoa ere badelako!

Interesa baduzu jarri lasai harremanetan: bazterretakodantzariak@gmail.com

Dokumentuaren akzioak