Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eszenika eraikitzeko kontratuak indargabetu dituzte

Dokumentuaren akzioak

Eszenika eraikitzeko kontratuak indargabetu dituzte

Forma akats batengatik eraikuntza lanak bertan behera utzi izanak eskola egiteko proiektua bera jarri du arriskuan

Eszenika Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola eraikitzeko lanak egiteko kontratazioak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu denez. Eraikuntza lan horiek aspaldi zeuden geldituta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak aurkezturiko helegite baten ondorioz. Jaurlaritzak salbuespeneko prozedura baliaturik eman zuen eskolako lanak hasteko agindua, eta Arkitektoen Elkargoak horren aurka egin zuen, egokia ez zelakoan.
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/02/14
Lotura
Berria

Ordea, forma akats batengatik eraikuntza lanen kontratazioak indargabetu izanak Eszenikaren beraren proiektua koloka jar dezake. Gaur-gaurkoz, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak ez du argitu proiektuari helduko dion.

2012-13ko ikasturtean irekiko zutela esan zuen Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2010ean. Bost gradu eskainiko zituela ere esan zuten, hiru Arte Dramatikoan eta bi Dantzan.

Horretaz gain, lanbide heziketako goi mailako modulu bat emango zutela aurreratu zuten, eszenoteknia teknikariak trebatzeko.

Arte eszenikoen goi mailako eskola eskatzen zuen plataformaren aspaldiko eskakizuna betez erabaki zuen Zelaak proiektuari ekitea. Horretarako, mahai bat eratu zuen sektoreko profesionalekin eta Jaurlaritzako teknikariekin. Ikasketa plana diseinatzea eta proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoak ziren alderdi teknikoak zehaztea izan ziren lan esparru horren eginkizunak.

Proiektuaren ildo nagusiak aurkeztearekin batera eman zuten kokalekuaren berri. Bilboko Basurtuko Bami deritzon eraikinean altxatuko zuten eskola. Zelaak jakinarazi zuen bospasei milioi euroko aurrekontua gordeko zutela eskolako lanak finantzatzeko. Alabaina, gaur-gaurkoz aurreratutako lan guztia geldi dago. Eta sektoreko eragileak biltzen dituen plataformak abenduan salatu zuen proiektua «zalantzan» dagoela.

Dokumentuaren akzioak