Dokumentuaren akzioak
Eszenakoak, gaurkoak
Gaur hasiko da Bilbon BAD dantza eta antzerki garaikide jaialdia. Zortzi estreinaldi eskainiko ditu azaroaren 1era arte iraungo duen egitarauak
Gorputza da ardatza Bilboko BAD dantza eta antzerki garaikide jaialdian. Gorputz bizia. Zuzenekoa. Hasi, ordea, dantza eta antzerkiari buruzko dokumental proiekzioekin hasiko da programa gaur Bilbo Arten. Sarrera izango da: gorputzez beteko ditu gero eszenak bihartik azaroaren 1era bitarte. Federico Leon sortzaile argentinarra izango da tartean, Ana Borralho eta Joao Galante portugaldarrek osatutako bikotea, eta baita Cecilia Bengolea eta François Chaignaud ere.
Euskal Herriko sortzaileek presentzia nabarmena izango dute jaialdian. Coletivo Qualquer bikotearen Gag dantza ikuskizunarekin eta Natxo Monteroren Barbecho dantza eta antzerki piezarekin abiatuko da eszena programazioa bihar, esaterako, eta estreinaldiak eskainiko dituzte euskal sortzaileetariko askok hurrengo egunetan. Beatriz Setienek, kasurako: Bombón Coreográfico pieza jokatuko du larunbatean. Matxalen Bilbao dantzari eta koreografoak Johanna Etxeberrirekin batera sortutako L'autre/Bestea dantza pieza eskainiko du egun berean. Eta Joseba Irazokiren musika oinarri hartuta Bailar por bailar pieza eskainiko du lehen aldiz jendaurrean Idurre Azkue dantzariak hilaren 29an.
Cielo Rasoren Tormenta lana ere programatu dute, eta baita Rakel Ezpeletak zuzendutako Erbeste proiektua ere. Ertza konpainiak Harkaitz Canoren testu bat oinarri duen eta oraindik amaitu gabe duen Hariak izeneko pieza aurkeztuko du, eta Organik Dantza Antzerki, Natxo Montero Danza, Lauka Teatroa, Coletivo Qualquer eta Javier Liñera ere izango dira BADen.
Pinocheten hiltzailea
Siete Lunas ikuskizuna eskainiko dute Maria Muñoz-Mal Pelok eta Niño de Elche musikariak, eta Patricia Caballero dantzari andaluziarrak ere hartuko du parte jaialdian. Yo maté a Pinochet pieza jokatuko du Txileko Teatro Errante konpainiak, eta Pablo Fidalgo idazle eta antzerkigileak Habrás de ir a la guerra que empieza hoy emango du.
Aurten, lehenengoz, bereziki haur eta gazteentzako lanak ere eskainiko ditu jaialdiak. Gaztetxoentzakoa izango da La naturaleza y su temblor izeneko audio paseoa, esaterako.
Zazpi gune izango ditu jaialdiak: Bilbo Arte, La Merced, Rekalde areotan, La Fundicion aretoa, Muelle 3, Garabia Zawp eta Bilborock.
Dokumentuaren akzioak