Dokumentuaren akzioak
Eszenak hamabi dantza konpainia bilduko ditu aurten, maiatzaren 2tik aurrera
Zangoza jaialdiaren hirugarren egoitza izanen da, Iruñearekin eta Zizurrekin batera
IRUÑEAREKIN eta Zizur Nagusiarekin batera, egoitza berri bat izanen du aurten Eszena Dantza Jaialdiak: Zangoza, alegia. Maiatzaren 2tik ekainaren 11a bitarte eginen dute jaialdia.
Ohikoa denez, dantza garaikidearen esparrua jorratuko du, batez ere, Eszenak, baina flamenkoak ere tarte berezia izanen du aurtengo ekitaldian. Urtero bezala, halaber, Nafarroako dantza konpainia egonkor bakarrak, Tempomobilek alegia, parte hartuko du jaialdian.
Berrikuntzarik ere izanen du 2000. urteko Eszenak, eta nagusia bederatzi eta hamalau urte bitarteko haurrei zuzendutako kanpaina izanen da. «Eszenaren helburu nagusietako bat da publiko berria sortzea, eta, horretarako, dantza gazteengana hurbildu nahi izan dugu», azpimarratu zuen Nafarroako Gobernuko Kultur Ekitaldien Zerbitzuko buru Jesus Mari Bengoe- txeak.
Kanpaina horren baitan, Nafarroako Dantza Eskolako ikasleen eta Tempomobile konpainiaren lana gertutik ezagutzeko aukera izanen dute Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zangozko ikasleek, maiatzean.
Haurrentzako antolatu kanpaina horrekin batera, Nafarroako Gobernuak Eszena prestatzeko jaso duen aholkularitzari dagokiona da azpimarratu beharreko beste berrikuntza, aurreneko aldiz Nafarroako Dantza Eskolako arduradunek egin baitute lan hori.
Hamabi konpainia
Nafarroako Dantza Eskolako ikasleek Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatu lanak emanen dio hasiera Eszenari, maiatzaren 2an.
Hil horren 4an, Damian Muñozek Asire koreografia aurkeztuko du, eta, biharamunean, berriz, Mar Gomezen konpainiak parte hartuko du.
Maiatzaren 10ean eta 11n, Emio Greco izanen da Eszenan, eta 12an, berriz, Nafarroako Tempomobile konpainia. Eva La Yerbabuena dantzariak maiatzaren 16an parte hartuko du jaialdian.
Erre que Errek maiatzaren 19an aurkeztuko du Divadlo bere lana, eta, 25ean, Josu Mujikak parte hartuko du Eszenan.
Nats Nus konpainiak, bestalde, Cajas lanaren hiru emanaldi eskainiko ditu maiatzaren 26an, 27an eta 28an. Zikloari Maguy Marinek emanen dio amaiera, ekainaren 10ean eta 11n.
Dokumentuaren akzioak