Dokumentuaren akzioak
Estreinaldiari begira
Kukai Dantza Konpainiak bere azken lana estreinatuko du datorren astean: 'Hnuy illa...' Joseba Sarrionandiaren poesian oinarrituta; egun hauetan, azken entseguak egiten ari dira Kulturgunean, eta esperientziaren berri eman dute
Argiztatzaileak, jantzi arduradunak, musikariak... Joan-etorriak
etengabeak dira aretoan. Oholtzan Mireia Gabilondo zuzendaria eta Kukai
Dantza Konpainiako zazpi dantzariak eszena bat errepasatzen ari dira.
Estreinaldirako egun gutxi falta arren, giro lasaiean topatu ditugu.
Izan ere, lantalde honek dagoeneko esperientzia mordoa pilatu du azken
urteetan. Horrela aitortu digu Jon Mayak, ikuskizuneko koreografoak eta
Kukaiko zuzendariak: «Nabari da egun gutxi falta direla
estreinaldirako, lana pilatzen doa eta gorputza ere ezberdin sentitzen
hasten da. Dena den, badakigu zeren bila goazen, aurreko hilabeteetan
ere lan dezente egin dugu eta gure lana erakusteko gogo handiz gaude
dagoeneko».
Aurreko ikuskizunetako protagonista berak
Kukai eta Tanttakaren aurreko ikuskizunetan bezalaxe, herriko zazpi dantzari izango dira Hnuy illa... ikuskizuneko protagonistak. Jon eta Alain Maya, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Huarte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño.
Gerrako umeak, Jorge Oteiza eta bihotz taupadak izan dira
beraien aurreko ikuskizunen oinarri. Oraingo honetan, berriz, Joseba
Sarrionandiaren poesia hartu dute inspirazio iturri gisa.
«Aurkezpenak-eta egiten ditugunean xehetasun gehiago emango ditugu,
baina aurreratu dezakeguna da ikuskizun oso poetikoa dela; poesia eder
batek zipriztinduta datorrela».
Kolaborazio garrantzitsuak
Joseba Sarrionandiaren poesiaz gain, Kukai eta Tanttakak
kolaborazio garrantzitsuak bildu dituzten beren proiektuan.
Gabilondoren gidoiari eta Mayaren koreografiari Iñaki Salvadorrek jarri
dio musika, eta, besteak beste, Asier Hernandez aktoreak eta Mikel
Laboa, Ruper Ordorika eta Maria Berasarte musikariek kolaborazioak egin
dituzte.
Aurki izango dugu Kukai Dantza Konpainiaren ikuskizunaren
berri gehiago. Oraingoz lehenengo hitzordua: Maiatzaren 11an,
20:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean.
Dokumentuaren akzioak