Dokumentuaren akzioak
Espainiako Dantza Konpainia 2 Euskal Herrian
Espainiako Dantza Konpainia Nazionala 2 taldea Barakaldo Antzokian izango da gaur eta bihar eta Gasteizko Principal antzokian, berriz, asteartean eta asteazkenean. Bi saioetan hiru koreografiaz osaturiko egitaraua aurkeztuko du. Gaurkoa 20.30ean hasiko da, eta biharkoa, berriz, 20.00etan. Dantza talde hau 1999an sortu zen, Nacho Duato Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko (CND) zuzendari artistikoaren ekimenez. Hamalau dantzarik osatzen dute, zazpi mutilek eta zazpi neskak, eta, dantza eskola gisa, «bizitza profesionalerako hezi eta prestatzea» du helburu nagusi. Era berean, «sormena landu eta ikuskizun eta birak egiten dituen konpainia bezala ere funtzionatzen du», Tony Fabre CNDko dantzari nagusi ohi eta zuzendariaren ondokoak adierazi duenez. School of American Ballet eta Nederlands Dans Theater konpainia ospetsuak izan dira, besteak beste, harrobi gisa bigarren konpainia sortzen aitzindari eta eredu horri jarraitu zion Duatok ere. Dantza Konpainia Nazionala 2k aukera ematen die dantzari gazteei joera berriak hurbiletik jarraitzeko, eta bere helburuetako bat publiko gaztea dantza garaikidera hurbiltzea da. Aipatu bezala, konpainia gazte honek hiru koreografiaz osaturiko programa aurkeztuko du Barakaldo Antzokian nahiz Gasteizko Principalen. Lehena "Na Floresta" izango da, Heitor Villa-Lobosen eta Wagner Tissoren musikan oinarrituta Nacho Duatok eginiko koreografia indartsua. Amazonasko basoko erritmo eta folkloreak dantzari valentziarraren estilo bero eta Mediterraneoko ukituarekin uztartuko dira. Bigarren obra "Holberg Suite" da, Tony Fabreren koreografia abstraktua, Edvard Grieg norvegiarraren musikan oinarritua. Azkenik, "Jardi Tancat" interpretatuko dute, 1983an Duatok estreinatutako lana, bere lehen lana.
Dokumentuaren akzioak