Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak gaur jaso du Espainiako Arte Ederren Urrezko Domina, Sevillan egindako ekitaldian. Espainiako kultura-ondarea garatzen eta aberasten nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak saritzen dituzte urtero, eta Lacarrarenarekin batera, beste 36 sari banatu dituzte Espainiako errege-erreginek zinemaren, musikaren, arte eszenikoen eta literaturaren arloetan dihardutenen lana aitortuz. Saria gaur jaso arren, 2024ko urtarrilan jakinarazi zituzten saridunen izenak, eta albistea jakin berritan elkarrizketatu zuen Gukak.
Lacarra ez da bakarrik izan Sevillan: ekitaldia bertatik bertara jarraitu dute Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Marina Bidasoro zinegotziak ere. Dantzariak ekitaldiaren ondoren hedabide honi egindako adierazpenetan azaldu du "benetan berezia" izan dela saria jaso duen unea, eta pozik dagoela "jendearekin elkarbanatu duelako". Udal ordezkariez gain, ekitaldian izan da Matthew Golding dantzaria eta Lacarraren bikotekidea ere.
Sari eta aitortza ugari jaso du Lacarrak bere ibilbide artistikoan, baina nabarmendu du dantzaren arlotik kanpo etorri zaiola sari hau, eta horrekin jaso duela "sorpresarik handiena". Bide batez, dantzari ikusgarritasuna emateko balioko duelakoan da Lacarra.
Espainiako Kultura Ministerioaren arabera, gaur egungo balletaren "figura nagusienetako bat" da dantzari zumaiarra. "Garrantzi handiko ibilbide artistikoa" duela azpimarratu dute, gainera, eta ibilbide horretako mugarri garrantzitsuak nabarmendu dituzte: txikitatik erakutsi zuen dantzarekiko interesa, eta 9 urterekin hasi zen eskolak hartzen Zumaian. 13 urte zituela, Mentxu Medelen akademian dantzatzen zuen, Donostian, eta handik urtebetera joan zen Madrilera, Victor Ullateren Eskolara. Dantzaren etorkizuneko promesa gisa agertzen hasi zen ordurako.
2023an bere ballet eskola propioa sortu zuela iragarri zuen, Lucia Lacarra Ballet, Gipuzkoan oinarritutako dantza-konpainia, Euskal Herriko artistei laguntzea helburu duena. Orain gutxi, In the still of the night ikuskizuna aurkeztu du Kursaalean, "betiereko maitasunari" buruzko lana, Matthew Golding dantzari eta koreografo kanadarrarekin elkarlanean.