Dokumentuaren akzioak
Eskola elkartearen 75. urteurrena ospatuko da larunbatean Kursaalen
Urte hauetan abesbatzatik, dantza akademiatik eta dantza taldetik pasa diren 250 partaide izango dira bertan
Donostiako Koruko Ama Birjinaren Eskola elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta ekitaldi ugari antolatu ditu urtean zehar urteurrena ospatzeko. Hala ere, hitzordu garrantzitsuena datorren larunbatean izango da, izan ere, gaur egungo partaideekin batera, taldetik pasa diern dantzari eta abeslariek parte hartuko dute Kursaal auditorioan egingo den ikuskizunean.
Guztira 250 pertsonak hartuko dute parte ez ohiko emanaldi horretan (70 neska, 40 mutil, 20 haur, 80 abeslari, dozena bat musikari...) eta gainera, Danborradako eta Jardinzayen konpartsetako kideak ere izango dira bertan, Eskolaren historian garrantzia handia baitute. Elkarte hau 1940an sortu zuen Juan Urteagak eta gaur egun, dantza akademiak, dantza taldeak eta abesbatzaz osatua dago.
Ikuskizunean, Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantza tradizionalak eta Eskolak sortutako koreografiak uztartuko dituzte bi orduko iraupena izango duen emanaldi berezi honetan. Bide batez, belaunaldi ezberdinetako kideak arituko dira dantzan elkarrekin.
Emozioz betetako ekitaldi hau larunbatean, arratsaldeko 18.00etan hasiko da. Bertara inguratzeko asmoa dutenek, jada sarrerak eskuratzeko aukera dute Kursaal auditorioaren webgunean, eta hauen prezioa 5 edo 10 eurokoa da.
Dokumentuaren akzioak