Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ertza, lehen aldiz Ezkion dantzara

Dokumentuaren akzioak

Ertza, lehen aldiz Ezkion dantzara

Asier Zabaleta ezkiotarrak zuzentzen duen Ertza konpainiak 'Otempodiz' emanaldia egingo du gaur, Ezkioko kaskoan. Mozambikeko bi dantzariren ikuskizuna da, hainbat estiloren fusioa.
Egilea
Aimar Maiz
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Ezkio
Mota
Albistea
Data
2022/10/20
Lotura
Goierriko Hitza
Fenias Nhumaio eta Deissane Machava dantzariak, ‘Otempodiz’ emanaldiarekin gaur Ezkioko frontoian izango dira. ERTZA

Ezkio jaioterrian lehen aldiz ariko da Asier Zabaletaren (Ezkio, 1972) Ertza konpainia. Gaur, 18:00etan, kaskoko frontoian Otempodiz dantza-emanaldia egingo dute, udalak antolatuta. Sarrera doan da. Ondoren, Uxue Kerejetak kontzertua egingo du.

Mozambikeren eta Euskal Herriaren arteko batura da Otempodiz proiektua (‘denborak dio’, hango hizkuntzan). Zabaletak sortu du, eta bi dantzari mozambikearrek gauzatzen dute: Fenias Nhumaio eta Deissane Machava gazteek. Lehenengo aldia da Ertza konpainia Ezkiora datorrena, eta poztasuna agertu du Zabaletak horregatik.

Zabaleta 2019an joan zen Mozambikeko hiriburu Maputora, Ertzaren kaleko ikuskizun batekin eta ikastaro batzuk ematera. Han topo egin zuen Nhumaio eta Machavarekin. «Unibertsitatean dantza garaikide eta sorkuntza artistikoko ikastaro luze bat eman nuen, aste batekoa, dantza urbano, break, eta hip-hoparen inguruan. Bi dantzari hauek tailer batean parte hartu zuten. Sekulako talentua zutela ikusi nuen, dena beraien kabuz ikasia. Sekulako maila bai, baina aukera gutxi aurrera ateratzeko, eta oraindik gutxiago hortik bizitzeko. Hor pentsatu nuen beraiekin eta beraientzat proiektu hau idaztea», dio Zabaletak.

Iazko abuztuan jarri zuten martxan Otempodiz proiektua. «Bi asteko sorkuntza zatia han egin, eta hirurok etorri ginen Euskal Herrira. Sortutakoak egoitza artistikoen babesean jarraitu genuen, eta Atlantikaldia festibalean aurkeztu genuen lehen aldiz, Errenterian, iaz».

Ertzaren aterkipean

Hasierako helburua proiektua bi mozambikearrei ematea zuen Zabaletak. «Beraiek ahal edo nahi zuten kontestu guztietan egin ahal izateko, eta etekinak beraientzat zuzenean joan zitezela. Baina berehala ikusi genuen oso zaila zela beraiek han mugitzea, eta are gutxiago nazioarteko mailan».

Hala, Ertza konpainiaren beste piezekin batera txertatu dute, eta joan-etorrian ibiltzen dira Nhumaio eta Machava. «Zailtasunak zailtasun, lortu genuen bira bat osatzea». Orain Euskal Herrian daude, beka bati esker sei hilabeteko lan praktiketan.

Dantza diziplina asko nahasten dira Otempodiz ikuskizunean. «Beraiek dantza urbanoak eta afrikar sustraiak dituzten dantzak egiten dituzte, eta nire ikuspuntua gehiago da garaikidetik datorrena. Fusio antzeko bat dago, definitzen zaila dena», argitu du Zabaletak.

Ertzaren filosofia-muina fusioa dela ziurtatu du, «bai dantza diziplinen artean, bai beste arte diziplinekin batera».

Kale dantzak, afrikarra eta garaikidea uztartzen dituzte. ERTZA

Dokumentuaren akzioak