Dokumentuaren akzioak
Errusiako baletak ohoratzea hautatu dute aurten Maitaldian
Preljocav, Rambert eta beste hainbat konpainia handi gonbidatu dituzte
Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiak Errusiako baletak ohoratzea hautatu du aurtengo ekitaldian, hots, irailaren 7tik 21era bitartean. 1909an Diaghilevek sortu eta Europan XX. mendearen hasieran dantza arrunt aldatu zuten koreografoek jasoko dute, hain zuzen, omena. Biarritz Culturek gonbidatu konpainien mugimenduen bitartez, jatorrizko dantzak zein berritzaileak dastatzen ahalko dira.
Haien artean, Londrestik etorri Rambert dantza konpainia, Preljocaj baleta, Zuricheko Operaren baleta eta beste izen handi batzuk ikusten ahalko dira. Udaberriaren koroatzea, Arrosaren mamua, Sylphidak... Nijisky, Diaghilev eta beste koregrafoen lanen hainbat bertsio emanen dituzte.
Eta, nolaz ez, baita Stravinskiren musika ere. Aurten, lehen aldikotz, tema beraren inguruan hartzea hautatu dute, eta Straviskik Miarritzera bisita bat egina izanak zerbait ikustekoa izango du. Konposatzaile honek dantza obra franko lagundu zituen garai hartan. Horrez gain, Thierry Malandain zuzendari artistikoak zerbait berezi egin nahi zuen «garai iraultzaile» horretaz.
Pedro Pauwels dantzari bakarra taula gainean, dantzari «zoragarria», Malandainen iduriko. Beltxargaren heriotza, arrosaren mamua. Bi obra, 13 koreografo. Izan ere, beltxaranaren heriotzaren obra zortzi emazteri galdegin diete taularatzea. Arrosarena, berriz, bost gizoni. Emaitza irailaren 11n erakutsiko du dantzariak, Kasinoan.
Beste estilo batean, Preljocav baletak Nijiskiren obra berriz hartuko du. Angelin Preljocav nazioartean izen handia daukan koreografoa da, eta hark zuzendutako dantzariak irailaren 13an taularatuko dira Miarritzen.
Ikuspegi berritzaile horien ondoan, jatorrizko Errusiako baleta nolakoa zen zehatz-mehatz ikustera emanen dute. Irailaren 12an, Balletto di Pugliak Michel Fokine koreografoa ohoratuko dute, Errusiako baletaren lehen lilurak eskaini zituena. Garaiko dantzak ziren bezala emateaz gain, jatorrizko jantziak soinean ukanen dituzte Miarritzen eginen duten emanaldian.
Thierry Malandainek zuzentzen duen Miarritzeko baletak Errusiako baletak omenduko ditu larunbatean, hots, jaialdiko azken egunean.
Euskal dantzak ere bere lekua ukanen du
Juan Antonio Urbeltzek zuzendu Argia konpainiak, Errusiatik urrun, euskal urratsak sorkuntza gisa emanen ditu. Besteak beste, Zuberoako maskaradari Greziako, Bulgariako eta Errumaniako ohiturak eransten dizkio. Patxi Perezek karrikak animatuko ditu. Oro har, Miarritzeko bazter guziak dantzaren erritmoan sartuko dira. Lantegiak ere antolatuko dituzte.
Horretaz gain, beren burua ezagutarazi nahi duten dantza konpainiek urririk beren lana eskainiko dute, eguerdi guziz, maitaldia jaialdiak dirauen egunetan, Miarritzeko parkean.
EUSKAL HERRIKOAK
Thierry Malandainek zuzendutako konpainiaz gain, Argia ere ariko da, Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako taldea
ERAKUSTEKO AUKERA
Bere burua ezagutarazi nahi duten dantza konpainiek urririk beren lana eskainiko dute parkean, eguerdi guziz
Dokumentuaren akzioak