Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errusiako Balet Inperialaren dantza ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Errusiako Balet Inperialaren dantza ikuskizuna

Gaur, 20:30ean, eta bihar, 19:30ean, Barakaldo Antzokian.

Komunikabidea
Berria
Tokia
Barakaldo
Mota
Albistea
Data
2005/04/30

Romeo eta Julietaren arteko ezinezko maitasunaren tragedia kontatuko dute gaur, hiru zatitan banatuta. Shakespeareren obrako pertsonaia guztiak interpretatuko dituzte dantzaren bidez. Capuleto familia alde batetik eta Montescotarrak bestetik; beraien arteko gorroto, ezinikusi, mendeku eta hilketek amaiera tragiko batera eramango dituzte bi gazteak.Leonid Lavrovskyk Romeo y Julieta obra moldatu zuen Moscuko Bolshoi antzokirako; ondoren, bere seme Mikhail Lavrovskyk berreskuratu du Errusiako Balet Inperialarentzat. 2004ko otsailean estreinatu zuten obra lehen aldiz, eta egun, konpainia horren lanik onenen artean dago. Eszenografiaz arduratu den Evgeny Lysik ere egungo onenetako bat kontsideratzen da.



Obra klasiko, neoklasiko eta modernoa



Baina gaurko emanaldiaren ostean, balet klasiko, neoklasiko eta modernoaz gozatzeko aukera izango da bihar arratsaldean, Errusiako Balet Inperialaren eskutik. La Boda de la princesa aurora, 1988an sortutako balet batean oinarritzen da; Peter Ilich Chaikovskyren musikarekin dantzatuko dute.



Ondoren, Baile espectral obra neoklasikoa taularatuko dute; Briantseven koreografia eta Chopinen musika uztarzen dituen ikuskizuna. Azkenik, Bolero lanarekin amaituko dute biharko ikuskizuna. Bolero obrako koreografia Nicolay Androsovek sortu zuen Errusiako Balet Inperialarentzako, eta 1996an intrepretatu zuten lehen aldiz Tokion (Japonian). Ravelen musika izango da entzungai.Errusiako Balet Inperiala nahiko konpainia gaztea da. 1994an sortu zuen Maya Plisetskayak eta gaur egun taldearen ohorezko presidentea da. Moscuko Novaya operan egiten dituzte emanaldi gehienak, Errusian edo nazioartean biran ez daudenean. Beraien lana ezaguna da Japonian, AEBetan, Frantzian, Austrian, Israelen, Argentinan eta beste hainbat herritan. Guztira, 45 dantzari dabiltza konpainian, eta horietako askok baleteko hainbat sari irabazi dituzte.

Dokumentuaren akzioak