Dokumentuaren akzioak
Errusiako Armadaren Baleta Bilbon
Dantza eta abesti tradizionalak taularatuko ditu heldu den igandean Euskalduna jauregian
Igandeko saioa aurkeztu zuten atzo Stanislav Chinenko Orkestraren eta koruaren zuzendariak, Natalia Kondriatieva eta Anton Gaag dantzari nagusiek eta Boris Repin koruko baxuak, eta beren ikuskizuna Errusiako musikaren erakusleihoa dela esan zuten, «dantza eta abesti errusiarren historia ulertzeko bidea ematen duelako».«Urtetik urtera ikuskizuna berritu egiten dugu, baina herri abestiak eta dantza tradizionalak, hala nola Begi beltzak, Kalinka eta Volgako arraunlariak kantuek, dira oraindik programaren ardatza», adierazi zuen Txinenkok. Beren herrialdeko musikaz gain, Pucciniren La Boheme eta Verdiren Rigoletto eta Trovatore operetako hariak ere eskainiko dituzte Armadaren Orkestrak eta Koruak.
Artistak, militarren gainetik
Militarrak dira, baina «artista gisa» erosoago sentitzen direla aitortu zuen Txinenkok, eta taldeak «gerra garaietan borrokatzeko beste eredu» bat proposatzen duela gaineratu.
Horri lotuta, hainbat saio soldaduak animatzeko egiten dituztela azaldu zuen zuzendariak, eta Afganistango eta Txetxeniako gerrak jarri zituen horren adibide gisa. Errusiako Armadaren Orkestrak 75 urte beteko ditu hurrengo urtean. Gaur egun, 45 dantzarik, hogei musikarik eta koruko 32 kidek osatzen dute taldea.
Dokumentuaren akzioak