Erromerian, Errenterian
Uda pasa
Dantza, musika eta jatekoa izango dira etzi Errenterian (Gipuzkoa),
Erromeria Egunean. Aurtengo jaialdia hamabigarrena izango da, Madalen
jaien atarian.
Diana batekin hasiko da festa, 10:00etan. Eguerdian, berriz,
emanaldi garrantzitsuenetako batez gozatzeko aukera izango da: neskatxen
sokadantza. Dantza tradizionalak ez ezik, gaur egunera egokitutako
dantzak ere erakutsiko dituzte.
Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria izango da, Galtzarabordako
kiroldegian. Txartelen prezioa 15 eurokoa da; gaztetxoentzat, berriz, 10
eurokoa. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoek emanaldia emango
dute 17:30ean, Xabier Olaskoaga plazan.
Orduerdi geroago, erromeria nagusia izango da toki berean, baita
Zumardian eta Leku Zarran ere. Eguna bukatzeko, larrain-dantza egingo
dute, aurtengo Erromeria Eguna agurtzeko. Trikitilarien, txarangaren,
dultzaineroen eta txistularien doinuek girotuko dituzte Errenteriako
kaleak.