Dokumentuaren akzioak
Erromeria, Plateruenan
Aiko taldeak Eguberriko ohiko erromeria eskeiniko du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian datorren larunbatean
Aiko taldeak Eguberriko ohiko erromeria egingo du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian datorren larunbatean, 17:00etatik aurrera. Halere, ospakizuna goizean hasiko da, musikari eta dantza maisuen taldeak hainbat ekitaldiren bitartez prestatu duten jardunaldi zabal batekin.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ospakizuna sokadantza batekin hasiko da, 13:00etan, Durangoko Andra Mari elizako arkupean. Jarraian, bertaratutakoek kalejira bat egingo dute, musikaren doinuen arabera dantzatzeko aukera eta guzti, Plateruena Kafe Antzokiraino.
Arratsaldeko 14:30ean txakolina banatuko da bertaratutakoen artean, eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da. Bazkalostean, Aiko taldeak 17:00etatik aurrera egingo den erromeria alaituko du, eta 20:00etan, Bizkaiko Gaiteroen txanda izango da. Eguna amaitzeko, Aiko taldea arduratuko da berriro ere musika jartzeaz, guateke tradizional bat alaitzeko.
Arduradunek azaldu dute ospakizuna dantzazale guztientzat zabalik dagoela, eta dagoeneko «garrantzia handiko topaketa» bilakatu dela, euskal dantza herrikoien zaleak bertan elkartzen baitira ikasitako trebetasunak erakusteko asmoz.
Platerueneako bazkariaren prezioa 20 eurokoa da, eta txartelak Durangoko Kafe Antzokian bertan nahiz Aikoren Dantza Ibiltaria programako ikastaroak ematen diren Bilbo, Donostia, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Berastegi, Galdakao eta Durangoko lokaletan erosi daitezke.
Dokumentuaren akzioak