Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria Eguna egitarau zabalarekin dator

Dokumentuaren akzioak

Erromeria Eguna egitarau zabalarekin dator

Bi urteko etenaldi derrigortuaren ondoren, bueltan da Ereintza Dantza Taldeak antolatzen duen jaialdia. Hurrengo larunbatean izango da, hilak 16.
Egilea
Mikel del Val
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2022/07/05
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

  Erromeria Eguneko antolatzaileak.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldi derrigortuaren ondoren, bueltan da Errenteria-Oreretako Erromeria Eguna. Ereintza Dantza Taldeak antolatzen duen jaialdia datorren larunbatean izango da, hilak 16, eta honakoa izango du XXIII. edizioa. Eguna gozatzeko eta jai giroan ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, eta horien inguruko xehetasunak eman dituzte gaur goizean Juantxo Maiak, Vanesa Castañok, Maialen Iribarrenek, Ainhoa Uriak, Izaskun Perezek eta Beñat Riosek.

Herrian erromeria giroa sortzeko eta elkarrekin festa giroan dantzatuz ondo pasatzeko helburuarekin, askotariko jarduerak antolatu dituzte. 10:45ean musikariak izango dira kalera aterako diren lehenak. Euren diana, Zubietako Joaldunekin batera, herriko kaleetan murgilduko da herria girotzen hasteko. Horrez gain, 10:30etik 11:30era, Foru plazan, Niessen Elkarteko kideek Errenteriako IX. Bola Joko Sari Handia antolatu dute.

Diana bukatuta, 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute Koldo Mitxelena plazan, eta mokadua jan ondoren, 12:00etan, Aiko taldearekin batera, herriko kaleetatik ibiliko den kalejira hasiko dute. Kalejira hori herriko plaza ezberdinetan geldituko da, eta honako ibilbidea osatuko du: Koldo Mitxelena plaza, Xabier Olaskoaga plaza, Foru plaza, Herriko plaza eta Zumardia. Ibilbidea osatuta, 14:00ak aldera bukatuko da Zumardian.

Goizeko ekintzak burututa, sabelak betetzeko unea izango da. 14:30ean hasiko da 350 lagunentzako herri bazkaria Merkatuzarren, Intxaurrondoko Lagunek prestatua. Bazkariko txartelak salgai daude dagoeneko Arkaitza tabernan eta Paki Dietetika Zentroan, 8 euroan gaztetxoentzat eta 15 euroan gainontzekoentzat.

Arratsaldeko programazioa 18:00etan hasiko da Zumardian. Lehenik, txalapartariak eta musikariak igoko dira oholtzara, eta ondoren, erromeria hasiko da Patxi Perez eta konpainiaren eskutik.

Errenteria Dantzan, igandean

Erromeria Egunaz gain, datorren igandean ere, hilak 17, dantza protagonista izango da herrian, Errenteria Dantzan jaialdia egingo baitute. Urtero egiten duten moduan, aurten ere atzerriko dantza talde bat dakarte Ereintza Dantza Taldeko kideekin batera aritzeko. Aurten datorren taldea Guinea Bissauko Grupo Cultural Netos de Bandim da. Dantza talde afrikar hori 2000. urtean sortu zen bertako haur eta gazteen integrazio sozio-kulturala bultzatzeko.

Emanaldi horiek 19:00etan hasiko dira Zumardian, eta guztira 35 dantzarik, 8 perkusionistak eta 2 zuzendarik hartuko dute parte.

Dokumentuaren akzioak