Dokumentuaren akzioak
Erromeri Eguna izango dute larunbatean, Lizartzan
Taldeko kideek eta laguntzaileek dantza eta erromeri giroa izango dela Lizartzan azaldu dute, eta horretarako, herritarrez gain, eskualdeko jendea gerturatzea ere nahi dute. Hala, inguruko dantza taldeak ere bertan izango direla adierazi dute.
Festa 11:00etan hasiko da. Orduan jarri dute plazan elkartzeko hitzordua. Dantza taldeetako kideak eta parte hartu nahi duten herritar guztiak euskal jantziz jantzita agertuko dira. Jarraian, poteoa egingo dute herriko tabernetan, eta geldialdi bakoitzean dantza talde bakoitzak bi dantza egiteko aukera izango du.
Poteoa amaitzean Lizartzako Otsolar dantza taldeko gazteek erakustaldia egingo dute eta jarraian dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izango da. 14:30ean bazkaria izango da plazan. Bertarako txartelak tabernetan eta dendan daude eskuragarri 9 euroan, eta gaur izango da erosteko azken eguna. Bazkalostean, kantu saioa izango da, eta amaitzeko, erromeria izango da Unsain taldearekin iluntzera arte.
Otsolar dantza taldetik herritar guztiak animatu dituzte Erromeri Egunera, eta goizetik jantzi tradizionalekin parte hartzera gonbidatu dituzte. Eguraldi txarra egingo balu, emanaldiak frontoian egingo dituztela esan dute.
Dokumentuaren akzioak