Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Errimak oinetan" eta bertsoak dantzan

Dokumentuaren akzioak

"Errimak oinetan" eta bertsoak dantzan

"Errimak oinetan" ikuskizuna eskaini zuten atzo Orozkoko Donibane Aretoan. Haatik dantza konpainiak bertso txapelketetako zein jaialdietako eszenak kontatu zituen dantza bidez.
Egilea
Izar Mendiguren
Komunikabidea
Alea
Mota
Albistea
Data
2020/11/14
Lotura
Alea

Imajinatzen duzue bertso saio bat zuzenean inor kantuan egon gabe? Bost dantzari (Haatik dantza konpainia) eta gai-jartzaile bat (Unai Elizasu) taularatu ziren atzokoan Orozkoko Donibane Aretoan, eta kantuz ez ezik, dantzaz erakutsi zieten ikus-entzuleei bertsoaren mamia.

 "Errimak oinetan" du izena emanaldiak, eta ordubete inguruko iraupena du. Hasiera-hasieratik bertsolaritzaren historian esanguratsuak izandako eszenak eta gertaerak aurkeztu zituzten, baina dantzan. Hain zuzen, Unai Elizasu gai-jartzailearen esanetara jardun zuten neurri, doinu eta gai ezberdinekin Haatik dantza konpainiako kideek.

Hasteko, "kartzelako lana" jarri zien gai-jartzaileak, tabernan zuritoa eskatu duenaren azalean osatzeko ariketa. Bost dantzariek helduleku ezberdinak topatu zizkioten gaiari, eta bertso jarrien bidez -aurrez idatzi eta grabatutakoak- istorio anitzak kontatu zituzten: kontraesanak desio dituen gaztearena, umedun dagoenarena, alkoholikoarena...

Uztapiderekin buruz-burukoa jokatzen, txapela lortzeko lehiaren azken txanpan, jarri zuen une batean emakume dantzarietako bat. 1967. urtean, Xalbadorri egokitu zitzaion egoera hori, eta txistualdi luzeari egin behar izan zion aurre bertsolariak. 

Lazkao Txikik ispiluari abestutako aleak, kopla saioak... Denetariko historia eta filosofia markak utzi zituen emanaldiak; musika eta dantza estilo anitzak uztartuta. 

Koronabirusa dela medio aforoa mugatua izan arren, jende ugariren arreta erakarri zuen ikuskizunak. Amaieran, pozik zeuden denak, "ez genuen espero horrelako emanaldia izatea", zioten batzuek. Errimak, burutik oinetara eraman daitezkeenaren adierazle.

Dokumentuaren akzioak