Dokumentuaren akzioak
Errenteriarrak nagusi Euskadiko Doinu Zahar eta Aurresku txapelketetan
Tomas Muruaren bi garaikurrek Oreretan emango dute urtebete. Aitor Arrietak irabazi zuen herenegun XXXI. Aurresku Txapelketa, eta Nagore Indakoetxeak V. Doinu Zahar Txapelketa. Bi dantzariak errenteriarrak izanik, beren jaioterrira eraman dute Muruak sortutako arrantzalea, datorren urteko txapelketa bitarte.
Atarrabiako Iker Larunbe bigarrena izan zen Aurresku Txapelketan, eta azken bi urteetako txapelduna izanda, oso gutxigatik ez zuen eraman garaikurra bere jaioterrira behin betiko. Arrieta eta Larunberen arteko lehia estua izan zen oso.
Tarte handiagoarekin, hirugarren postuan, Elgoibarko Aitor Asenjo sailkatu zen.
Berritasuna, nesken esku
V. Doinu Zahar Txapelketa zen herenegun Donibaneko kiroldegian neskek jokatu zutena, baina Pasaian jokatu den lehendabizikoa izan zen. Nesken eskutik etorri zen, beraz, aurtengo berritasun nagusia.
Nagore Indakoetxea izan zen dantzan trebeena, bigarrena Izar Etxeberria oiartzuarra izan zen, eta hirugarrena, Idoia Besada antxotarra.
Ereintzako harrobitik
Aurtengo bi Euskadiko txapeldunak, Errenteria-Oreretako Ereintza Dantza Taldean hazitakoak dira. Nagore Indakoetxea, Ereintzako dantzaria izateaz gain, Kukai Dantza Konpainiarekin Hostoak ikuskizunean parte hartzen ari da. Hnuy Illa eta Tttakun Ttan Ttakun ikuskizunetan ere aritu da.
Aitor Arrieta, berriz, Madrilen ari da dantza klasikoko ikasketak egiten. Ereintzako dantzari ohia, Kukaik dantzari gazteentzako antolatutako formazio ikastaroan ikasle izan da bi urtez.
Sailkapena
V. Doinu Zahar Txapelketa
- 1. N. Indakoetxea (Errenteria) 116,76
- 2. Izar Etxeberria (Oiartzun) 109,16
- 3. Idoia Besada (Pasaia) 106,84
- 4. Izar Aizpuru (Oiartzun) 105,62
- 5. Arantxa Ferreiro(Elgoibar) 105,33
- 6. Udane Eskudero (Oiartzun) 102,03
- 7. Ane Espilla (Elgoibar) 100,73
- 8. Iraitz Gonzalez (Elgoibar) 89,11
XXXI. Aurresku Txapelketa
- 1. Aitor Arrieta (Errenteria) 119,54
- 2. Iker Larunbe (Atarrabia) 119,45
- 3.Aitor Asenjo (Elgoibar) 103,64
- 4. Iker Sanz (Lezo) 103,04
- 5. Beñat Asensio (Lezo) 96,17
- 6. Xanti Leonet (Oiartzun) 80,90
Dokumentuaren akzioak