Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenterian VI. Erromeria Eguna egingo dute gaur

Dokumentuaren akzioak

Errenterian VI. Erromeria Eguna egingo dute gaur

Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2004/07/17

Dantzaren egoera ikusirik, oholtza gaineko lanari jarraipena eman behar zitzaiola ikustean hartu zuten jaia urtero egiteko erabakia, eta azkenean, jasotako erantzun ona zela-eta, aurtengoa seigarren edizioa izango da jada. Errenteriako VI. Erromeria Egunerako Ereintza Dantza Taldekoek egitarau luzea prestatu dute jaia irekia izan dadin eta gerturatzen direnak, dantzan jakin edo ez, dantzatzera anima daitezen.

Jaia alaitzeko jende asko gonbidatu dute gaurko jairako: Laja eta Landakanda, Xabier eta Maider, Naroa eta Arrate, Maider eta Itziar, Txorimaloak, Juan Mari Beltran dultzaina jotzailea eta Astiazaran anaia trikitilariak; Alkarkide fanfarrea; Ibon Koteron albokaria; Errenteriako dultzaina jotzaileak; Ereintza Elkarteko txistulariak; Zubietako joaldunak; eta azkenik, txalapartariak.



Dianak emango dio hasiera egunari goizeko hamarretan herriko kaleetan zehar. Hamaiketan, Patxi Perez dantza irakasleak dantza ikastaro laburra emango du, eta Ipar Euskal Herriko dantzen berri emango du. Hamabi eta erdietan kalejira egingo dute, eta ondoren, dantza ikuskizuna izango da Zumardian. Eguna indartsu jarraitu ahal izateko herri bazkaria izango dute bertaratzen direnek, ordu bi eta erdietan kiroldegian, eta arratsaldeko seietan, eguneko ekitaldi garrantzitsuenari ekingo diote, erromeriari, hain zuzen ere, Patxi Perezen zuzendaritzapean. Ekitaldi horretan aurkeztuko du dantza irakasleak bere muntatzea, "Hari Gorri" izenekoa. Lan horrekin bertan bilduko diren guztien arteko lotura lana egin nahi du, hau da, oholtzaren eta plazaren arteko elkarrekintza bultzatu nahi du. Horretarako, plazan daudenei musika jarri eta dantza nola egin behar duten adieraziko die Patxi Perezek. Gauean dantza giroak jarraituko du Errenterian, eta herriko plazan Trikiziok kontzertua emango du gaueko hamaiketan.

Dokumentuaren akzioak