Dokumentuaren akzioak
Errenteriako Eztenak arte eszenikoen jaialdia aste honetan izango da
Eztena antzerki jaialdia ostegunetik igandera, ekainaren 6tik 9ra, izango da Errenterian, eta bestelakotasuna hartu dute gaitzat jaialdiaren izaera definitzeko. "Identitate berriak eta giro ez-mainstreama biltzen dituzten emankizunak izango dira jaialdian. Ikuskizun eta tailer denek komunean duten ezaugarria izango da ezohikoarena”, azaldu dute antolatzaileek.
Bertan parte hartuko duten artistei dagokienez, guztiek "ezohikoa den esentzia" biltzen dutela nabarmendu dute, "ez absolutua, ez zentrikoa, ez kanonikoa. Bestelakoak dira; izaera propiodunak, bazterragokoak, guretzako interesgarriagoak”.
Ikuskizunak eta tailerrak antolatu dituzte eta emanaldiak herriko eszenatokietan egingo dira, esaterako Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturgunean.
Ostegunean, ekainaren 6an, Amaia Bonoren Belarriprest antzezlana izango da, 19:00etatik aurrera, Niessen Kulturguneko auditorioan. Ondoren, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizak Popperra, afterra, utopia musika eta hitz esanaren arteko ikuskizuna taularatuko dute.
Hurrengo egunetan, besteak beste, honako ekitaldi hauek ere izango dituzte: Gori Goriren aurkezpen kontzertua; Venezuelako Antiki TKMren Muñeca supernatural performance eta drag ikuskizuna; Valladolideko Mr. G-ren Sara Segovia is Mr. G performance, drag eta klun emanaldia; Bartzelonako Las Marikarmenen Nos pegan musika performancea; Ainhoa Alberdiren Ixa bella piztia; eta Malagako Alberto Cortés-en One night at the golden bar antzezlana.
Hiru tailer
Ikuskizunez gain, tailerrak ere antolatu dituzte. Sara Segoviaren drag tailerra izango da ekainaren 6tik 8ra. Ainhoa Alberdik eta Kiki House of Annunaki kolektiboek ere dantzarekin lotutako tailerrak emango dituzte.
Dokumentuaren akzioak