Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenteriako damatxoa, Amezketako zaindari

Dokumentuaren akzioak

Errenteriako damatxoa, Amezketako zaindari

Egilea
Naiara Roldan de Aranguiz
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Amezketa
Mota
Albistea
Data
2023/03/09
Lotura
Ataria

Zumadi eskolako komunitateak omenaldi sentitua eskaini dio 40 urtez bertako irakasle izan zen Nekane Bautistari.

Errenteriarra jaiotzez, baina azken 40 urtean amezketarra. Iragan otsailaren 24an hil zen gaixotasun bat medio Nekane Bautista

«Feminismoaren alde sutsuki» lan egindakoa izanik, Martxoaren 8aren data baliatu nahi izan du Amezketak omenaldia eskaintzeko. Zumadi komunitateaz gain, Amezketa Kantarik, Amezketako irakurle taldeak, talde feministak eta Akelok guraso elkarteak, besteak beste, parte hartu dute omenaldian. Azken finean, errenteriarra presente egon da herriko eragile talde guztietan. Eta talde horiek guztiek bere esker ona bueltan eman diote gaurko omenaldian.

Omenaldia minutu bateko isilunearekin hasi dute eta ondoren kantu, bertso eta dantzen tartea izan da. Urte hauetan guztietan, bere ikasle izandakoek agurra dantzatu dute Nekane Bautistaren argazkiak aurrean zirela eta sendia ondoan zutela.

Jarraian, Agustin Amiano irakasleak hartu du mikrofonoa eta «Errenderiko damatxo bat, Amezketako zaindari» hitzak eskaini dizkio. Lerroz lerro aletzen joan da Nekane Bautistaren izaera: hezkuntza eta euskararekiko grina, lanerako prestutasuna... «Begiak erne, pausuak adi, Zumadi, gidari. / Eskerrak zuri, utzitako gidoiari / emandako laguntzari, erakutsitako bideari. / Errenderiko damatxo bat / Amezketako zaindari».

Amezketan dantza ezaugarri bat baldin bada horixe da Talai dantza. Nekane Bautista Zumadi eskolan urtez urte Talai dantza ikasleei hedatzen, zabaltzen eta maitatzen erakutsi duenetariko bat da. Honela, ezinbestean gaurko omenaldian ezin zuen hutsik egin Talai dantzak. Lankide eta ikasleek makilak astindu eta azken Talai dantza eskaini diote.

Kantak eta bertsoak ere ez dira falta izan. Akordeoiak lagunduta, bertaratutako guztiak kantuan jarri ditu Nekane Bautistaren irudiak, Txindoki atzean zutela. Horrela, Bixente Goristidi bertsolaria gidari zutela herritar guztiak kantuan amaitu dute irakasleari eskerrak emanez, ETAren su-etenetik doinupean:

Nekane Amezketara

iritsi zinen gaztetan,

Zumadin aritu zera

geroz berrogei urtetan,

belaunaldiz-belaunaldi

gure zaintzan, heziketan.

Ze lan ona egin dezun

eskolan urte luzetan.

Eskerrik asko Nekane

eskerrik asko benetan.

Beti izango zaitugu

gure buru-bihotzetan

ta zure arrastoa luze

biziko da Amezketan.

 

Bizitzan zail da uztartzen

bokazio eta lana,

zuk horixe lortu dezu

ta ilusioz egin dana,

haurrak nola hobeto hezi

izan da zure afana,

ze zorte izan zen heltzea

zu amezketarrengana.

Hemengo asko hezi gaituzu

ta lagundu banan-bana,

Zumadi osoan muxuak

maitasunez zuregana,

amezketar askok izan

zaitugu bigarren ama.

 

Omenaldia amaitzeko, bere familiak Amezketan topatu duen babesa eskertu du lore sorta eta oroigarria jasota.

Dokumentuaren akzioak