Dokumentuaren akzioak
Errenteria Dantzan eta Landarbaso, igandean
Zelanda Berriko eta Senegaleko dantzariak etorriko dira herrira
Errenteria Dantzan aurreko urteetan baino astebete beranduago burutuko da. Ereintza dantza taldeko Zarika Pascualek eta Maider Ubarretxenak aste honetan egindako agerraldi batean jakitera eman zutenez, aurreko edizioetan atzerriko gonbidatu bakar bat izan dute, baina aurten bi talde bisitari izango dituzte.
“Zelanda Berriko Nga Uri Te Wai-O-Taiki talde maoriak emango dio kutsu exotikoa aurtengo edizioari. Beste taldea Senegaleko Ballet Jammu taldea izango da eta maila handiko sari ugari lortu ditu kultura, etnografia, balleta eta folklorea uztartuz”, azaldu zuten.
Errenteria Dantzan egitasmoaren programa 18.30ean hasiko da, aipatutako bi taldeek, Ereintza dantza taldearekin batera egingo duten desfilearekin, Gamon Zumarditik abiatuta. Kalejira bertan amaituko dute ordu erdi beranduago eta han egingo dute ondoren erakustaldia.
Zelanda Berriko taldea aterako da lehenengo oholtzara, ondoren Ereintzaren txanda izango da. Gero, Ballet Jammuk bere errepertorioa aurkeztuko du eta amaitzeko, Ereintza aterako da berriz. Talde bakoitzak taula gainean 20 minutuko dantza emanaldia eskainiko du.
Igandeko beste ekitaldi nagusi bat Landarbaso abesbatzak 19.30ean Magdalena basilikan eskainiko duen kontzertua izango da.
Iñaki Tolaretxipik aurreratu zuenez, emanaldi honetan abuztuan ospatuko den Europako Grand Prix lehiaketan interpretatuko dituzten piezak abestuko dituzte. “Sekulako kontzertua izango da, lan asko egin dugu”, ziurtatu zuen zuzendariak.
Tolaretxipik azaldu zuenez, igandekoa Landarbasok Madalena bezperetan ematen duen 24. kontzertua izango da. “Aurten, uztaila eta abuztuan lan handia dugu, baina Landarbasok ez zion zita honi uko egin nahi, kontzertu hau eta Gabonetako solidarioa bai edo bai egin behar ditugulako”, esan zuen. Emanaldirako Magdalena Basilikako Lagunen laguntza izan dute.
Ereintza dantza taldeko neskak, emanaldi bat emateko prest.
Dokumentuaren akzioak