Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenazimenduko horma irudia omentzeko ikuskizuna egingo dute igandean

Dokumentuaren akzioak

Errenazimenduko horma irudia omentzeko ikuskizuna egingo dute igandean

Tokiko eragileek sortutako ikuskizunak artea eta ondarea uztartuko ditu abenduaren 14an, bi emanaldirekin, andre Mari Zeruratuaren elizan.
Egilea
A. Vierbücher
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2025/12/16
Lotura
Goierriko Hitza
'Musika eta dantza pintzelkadak' kontzertuaren aurkezpena.

Musika eta dantza pintzelkadak kontzertua aurkeztu du Beasaingo Udalak, herriko ondare historikoan azken urteetan egin den aurkikuntzarik esanguratsuenetakoari gorazarre egiteko sortua. Andre Mari Zeruratuaren parrokiako erretaula nagusia zaharberritzen ari zirela agertutako XVI. mendeko horma irudi errenazentistak 2023 eta 2025 urteen artean lehengoratu dituzte, eta aurkikuntza horrek sortu du ikuskizunaren funtsa.

Ekitaldiaren aurkezpenean Beasaingo alkate Leire Artolak azpimarratu zuen “ezusteko pozgarria” izan zela horma irudi hau agertzea. Herritarrek ondare hori ezagutzeko aukera izan dezaten udalak elizarekin batera izan duen “babes aktiboa” nabarmendu du.

Artea eta ondarea, taula berean

Kontzertuaren helburua da dantza, musika eta horma irudi zaharberrituak elkarrekin jartzea, ikus-entzuleari formatu bereziko emanaldi batean. Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegik adierazi duenez, ikuskizuna “ondare materialari, guk lantzen dugun inmaterialaren bidez ekarpena egiteko aukera paregabea” da, eta XVI. mendeko dantzek gaur egungoekin duten lotura azpimarratu du.

Ikuskizunaren zuzendaritza artistikoa Carles Mas i Garciaren esku egongo da, antzinako musika eta dantzan aditu handia. Xabi Sarasola musikagileak bereziki sortutako piezak eskainiko dira, elizan agertutako margolan historikoetan inspiratuta daudenak. Musika Eskolako Orkestrak eta Loinatz Abesbatzak interpretatuko dituzte lanak, antzinako eta gaur egungo instrumentuen uztarketarekin.

Loinatz abesbatzako ordezkari Belen Callejok elkarlanaren balioa nabarmendu du, adieraziz kultur eragileen batasunak ikuskizunari “sekulako maila” ematen diola eta horrek guztiek “pozgarria” egiten dutela egitasmoa.

Ondare historikoa taulara ekarrita

Kontzertuak Errenazimentuko dantza eta musika moldeak berreskuratuko ditu —pavana, branslea, basse danse edo saltarello, besteak beste—, eta Antxieta, Josquin des Prez, Praetorius, Steve Dobrogosz eta Xabier Sarasola bezalako egileen lanak eskainiko dira. Piezen berreraikitze koreografikoa eta interpretazio historikoa Carles Masen esku egongo da.

Emanaldiak eta gonbidapenak

Emanaldiak abenduaren 14an izango dira, 16:30ean eta 19:00etan, Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokian. Sarrera doakoa da, eta lehen saiorako gonbidapen batzuk oraindik eskuragarri daude Igunean.

Udalak herritar guztiak animatu ditu “ondare berreskuratuaren ospakizun honetan parte hartzera”, artearen bidez komunitatearen nortasuna eta memoria indartuz.

Dokumentuaren akzioak