Dokumentuaren akzioak
Ernioko biolina
Guduarekin lotzen da pordoi dantza, zardai dantza, alagai dantza, galaien dantza... Izen ugari du. Pordoia ez da ez arma txarra, pare bat metroko makila ferratua. Makila-dantzekin eta ezpata-dantzekin ezkontzen da pordoiena... Ukaldika aritzeko denak: pordoia, makila, ezpata...
Guduetako turutak, fanfarreak eta orkestrak baino musika apalagoarekin, baina musikaren harian dantza. Txistuaren, ttunttunaren, silbotearen eta atabalaren aire gozoetan zurkaizten du, zangosagarretan zintzarriz jantzitako hanka hankaren segidan, pordoi dantzariak.
Gitarrarik ez da entzuten dantza horietan. Ez gitarrarik, ez biolinik; gudaren ondorengoetan entzungo dira horiek. Pordoirik gabeko dantzak izango dira orduan. Odol gogaikarria gogora ekarriko luketen xingola gorrien ordez, zilarrek egingo dute dir-dir orkestrako harien eran. Hari instrumentuen hari apalena ere adierazten du “pordoi”-ren amandrea den gaztelerazko bordón hitzak. Lodiena da, eta doinu apalenak, baxuenak haren kontu.
Biolinaren hari apal horri uztaiaren zurdak zirri egin behar dio, gozo baina helduz igurtzi. Heltzen ez badio, ez dago doinua egiteko dardarizorik; gehitxo helduz gero, doinua zakarra izango da... Zurdaren eta hariaren artean kolofonia ari da. Koniferoren batetik ateratako kolofoniaren artea.
Dokumentuaren akzioak