Dokumentuaren akzioak
Ereintza dantza taldeak Euskal Herriko Erromeria Eguna antolatu du Kilometroak'99 festaren baitan
Erromeria Kilometroak'99 festaren inguruan ospatuko da Errenterian. Jon Maiak adierazitakoaren arabera, "plazako herri-dantza eta erromeria gaur egun galzorian daude, ia hilzorian, eta erakustokietan bakarrik ikus daitezke". Hori dela eta, herri edo probintzia mailakoa ez ezik Euskal Herri osoari ere zuzendutako festa antolatzea erabaki dute. Erromeria XVIII eta XIX. mendeko fenomenoa da eta hogeigarren mende erdialdetik aurrera gainbehera etorri da poliki-poliki. Jon Maiaren esanetan, "ordutik ez da berreskuratze ahaleginik egin eta sekulako bultzada behar duelakoan gaude".
Festak bi zati nagusi izango ditu. Goizaldean ehun dantzari inguruko hiru talde ibiliko dira kalez kale musikariekin batera. Ondoren, hamabi eta erdietan, dantza sueltoarekin lotuta egon ziren dantzariek eta gaur egun dabiltzanek erakustaldia egingo dute Zumardian. Bertan erakusketa kronologikoa burutuko dute, dantza, jantzi, urrats eta musikak urteen poderioz izan duten garapena aztertuz. Bestalde, Euskal Herritik kanpo euskal dantza nola egiten den ere ikusi ahal izango da egun horretan, Argentinatik etorritako talde baten eskutik.
Arratsaldean, herri bazkariaren ondoren, Zumardi Plazan bertan erromeriari hasiera emango zaio. Trikitilarien artean Laja eta Landakanda eta Imuntzo eta Beloki arituko dira, besteak beste. Dultzainaren doinuak Uranzu taldeak jarriko ditu eta Lagunak dantzarako txaranga ere arituko da. Albokariak ere ez dira faltatuko, Juan Mari Beltran arituko baita langintza horretan. Gainera, Gipuzkoako eta Errenteriako txistulariak ere izango dira. Maiaren hitzetan, "dantzan irakastea eta plaza bat ematea dira gure helburuak"; hilabetetan milaka pertsonari erakutsi zaie. Gauez, 10.30ean, Eztanda, Alaitz eta Maider eta Gozategik joko dute Zumardian eta Esmalterian.
Dokumentuaren akzioak