Dokumentuaren akzioak
Ereintza Dantza Taldea inauterietan egongo da
Azeri dantzarako entseguak gaur eta otsailaren 4an izango dira
Urtero bezala Ereintza Dantza Taldeak inauteriak animatuko dituen ekintzak antolatuko ditu. Otsailaren 7an, osteguna, inauteriei hasiera emango dion Azeri Dantza ospatuko da eta amaiera emateko otsailaren 12an, asteartea, Sardinaren Ehorzketa izango da.
Azeri dantzan, sasi-emakumezkoz eta sasi-gizonezkoz osatutako kalejira abiatuko da Ereintza Elkartetik kaleak girotzeko asmoz. Herrian zehar egingo duten ibilbidea 19:00etan izango da: Bittor Idiazabal, Juan de Olazabal, Biteri kalea, Morrongileta, Esmalteria, Maria de Lezo, Magdalena eta Herriko Enparantzan azkenik ibiliko dira. Azken honetan 20:15ean izango da dantza saioa. Urtero bezala, ganberrokeriak ez dira faltako.
Horrez gain, Ereintzak herritarrei bertan parte hartzeko deia egiten die, izan ere, Azeri Dan-tzan parte hartzeko ez dago dan-tzaria izan beharrik. Urrats sin-ple batzuk ez dira eta umore ona eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez dira behar. Azeri Dantza prestatzeko entseguak gaur 31ean 20:30ean eta otsailaren 4an ordu berean Merkatuzarren izango dira.
Inauteriei amaiera emateko Sardinaren ehorzketa ospatuko da. Bertan sardina herriko kaleetan erakutsi ondoren Oiartzun ibaira botako dute eta horrela Inauteriei amaiera eman. Ereintzako kideez gain desfilea Errenteriko Bandak eta Amulletako danbor joleek lagunduta joango da.
Nola ez, atzetik sardinari atsekabetuta jarraituko dioten herritarrak ere bertan izango dira eta horretara animatu nahi du jendea Ereintzak. Azkenaldian gorakada nabarmena izan da parte-hartzean eta hala jarraitu nahi dute.
Iaz bezala Sardinaren ehorzketak azken agurraren ekitaldia Zumardian beharrean Herriko Enparantzan egingo da eta ohiko bertsoez gain, parodia txiki bat ere egingo da udaletxetik. Bestalde, Inauterien hasieratik sardina herriko leku nabarmen batean ikusgai egon ohi zen; aurten, udaletxean egongo da.
Dokumentuaren akzioak