Dokumentuaren akzioak
Erbestea Aberri: migrazioa, dantzaren hizkuntzan kontatuta
Migrazioaren gaia landu dute aurten, horretarako, antzerkia, musika, literatura eta dantza erabiliz, besteak beste.
“Gai oso potoloa” iruditu zitzaiela azaldu du Kriskitineko kide Inma Garrastatxuk: “Kontzeptu eta ideia asko sartzen dira, eta zelanbait gai gatazkatsua ere bada”.
Dantzaren bidez istorio zabal bat kontatuko dutela aurreratu du: “Egoera batzuk planteatuko ditugu, eta ikusle bakoitzak bere interpretazioa emango die; batzuk ikusiko dituzte hemendik joan zirenak, beste batzuk etorri zirenak, edo euren burua ikusiko dute migratzen, gerra ostean gurasoak bizimodu bila etorri zirenekoa etorriko zaie beste batzuei gogora...”.
Dantzariak antzezle
Istorioa kontatzeko, musika eta dantza bai, baina beste ezer gehiago erabiliko duten ez dute aurreratu. Kontatzea, komunikatzea, da euren asmoa, eta horretan dantza antzerkia lakoa dela diote Kriskitineko kideek: “Euskal Herriko edozein dantza tradizionaletan ere antzezten dugu; dantza ofizial baten, adibidez, sentitu egin behar duzu, eta zer edo zer komunikatu”.
80ko hamarkada eta bonbardaketa
Kriskitinentzako erronka izan da azken hiru urteotan Zilar Astera gonbidatua izatea. Duela urte bi, 80ko hamarkada izan zen gaia, eta iaz, Durangoko bonbardaketa.
Gaiak oso desberdinak baina oso indartsuak izan direla diote. 80ko hamarkadakoan antzerki obra baten barruan bi eszena kontatu zituzten: manifestazio bat eta droga txute bat. Dantzarekin zituzten eskemak apurtzen joan dira erronka horietan, eta esaterako, manifestazioan Su Ta Gar taldearen Jo ta ke abestian dantzari dantzako pausuak sartu zituzten.
Iazko Zilar Astean, ibilbide baten gerrak Durangon eragindakoak kontatu zituzten, eta Kriskitinek emakumeen kartzelari buruz dantzatu zuen. Gogorra izan zela kontatu dute: “Lan handia egin genuen eta jendearengana heldu ginen, jende nagusia negarrez ere hasi zen”.
Aurtengo euren fruitua nolakoa den ikusteko, bihar, 21:00etan hasita, Plateruena Kafe Antzokian.
Dokumentuaren akzioak