Astero bezala, Bilboko Udalak kultur-programazio zabala eskainiko du datorren astean. Oraingo honetan protagonismoa hartuko dute Deustualdeko clown jaialdia, Betiko Musika eta Bilbao Distrito Jazz bezalako ekitaldiak.
Arte eszenikoak
Bilboko Zirkuitua
Bilboko eta bere inguruko antzerki taldeen jarduera sustatzen duen ekimena da, gehienak amateurrak edo erdi-profesionalak.
- Otsailak 9, 19:00etan, Zorrotzako Udaltegia. Libélula Teatro - Conversaciones con mamá. Jaimek familia du, eta 50 urte dituela langabezian geratu da. Amagana joan da; ideia bat du, bere ustez egoera prekariotik atarako duena. Baina amak gauzak oso argi ditu eta amaierara arte harrituko du. Eguneroko istorio bat, non amaren eta semearen artean egoera emozionalak eta komikoak dauden.
Deustualdeko clown jaialdia
- Otsailak 9, 19:00etan. Deustuko Udaltegia. Malaje Solo - “Cave Canem?Gaztelania. Clown. Gazteak eta helduak.
- “Cave Canem?” ikuskizunak animalien unibertsoa omendu nahi du. Horretarako, proposamen berriekin batera, aurreko gidoietako esketxak berrikusten dituzte, 25 urteko ibilbidea (1997-2022) ospatzearekin batera, aurreko aretoko lan guztiei keinu oso pertsonalak eginez.
- Otsailak 10, 18:00etan. San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegia. Zirika Zirkus - “Berrerabizi”. Euskera. Adin guztientzat.
- Berrabizi kluba oso talde esklusiboa da, Murriztuz, Berrerabiliz eta Birziklatuz bikainak dira, Top Top Top, beraiek esan ohi duten bezala. Egun batean, Konfuso Barrusorekin topo egin zuten, Murriztu, Berrerabili eta Birziklatzearen garrantzia ez zekiela, Konfuso bezalako jendea munduan zenbat izango zen pentsatu zuten eta Berrerabizi Kluba sortzea erabaki zuten.
Errekaldeko XI. Umorezko Antzerki Erakustaldia
Antzerkia otsaileko ostegunetan helduko da Errekalde auzora, Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren edizio berriaren bidez.
- Otsailak 9, 19:00etan, Errekaldeko Udaltegia. Pez Limbo - Marea Baja
- Pez Limbo izango da, kaleko eta aretoko arte eszenikoetan 15 urteko ibilbidea duen Gasteizko konpainia. Errekaldera Bizkaian estreinaldi batekin iritsiko dira: “Marea Baja”, bere azken lana, Lurralde Historikoan lehen aldiz ikusiko dena. Komedia honek, hala ere, existitzeko beharraz hitz egiten du, kosmosaren eta lurraren artean, malenkoniaren eta kabaretaren artean, materia ilunaren eta karaokearen artean leku bat aurkitzeko beharraz.
Euskal folklorea
Dantza Plazetan
Dantza Plazetan programarekin, Bilboko plaza eta kaleek tradiziorik handieneko kultur programetako bat jasoko dute. Programa honen helburu nagusia euskal folklorea sustatzea eta balioestea da, erromeriak, dantza alardeak, erraldoien desfileak eta plaza publikoetako kalejirak ospatuz.
- Otsailak 12, 20:00etan Santiago Plazan (Zazpi Kaleak), erromeria Bihotz Alai Dantza Taldea / Deustuko Folklore Taldearekin.
Erakusketak
Expodistrito
Expodistrito auzoetako udal-zentroetako aldi baterako erakusketen zikloa beste edizio batekin iritsi da. Aste osoan.
- Begoñako Udaltegia - Gervasio Sánchez - Violencias mujeres guerras - Argazkigintza
- Emakumeek eta neskatoek desberdinkeria larria jasaten dute planeta osoan zehar, gatazka armatuetan larriagotzen dena. Gervasio Sánchez-en argazkiek gerretako biktima zibilen istorioak aldarrikatzen dituzte, eta erakusten dute nola gatazkek amaitu ondoren ere irauten duten.
- San Ignazio-Ibarrekolandako Udaltegia - Oksana Volos - Arte birziklagarria
- Artista ukrainar honek era bateko eta besteko estiloekin eta gaiekin lan egiten du: estalkiak, botoiak, kremailerak, tresnak eta lanabesak. Errusiak Ukraina inbaditu ostean etorri da Euskadira, eta hutsetik hasi du bere bizimodua, bere artea erakutsiz. «Nire oinen pean aurkitze dudan guztia eta ezertarako balio ez duela dirudien guztia bihurtu daiteke arte», adierazi du.
- Castañoseko Udaltegia - Rafael Alonso - Hiria, loreak, itsasoa…- Margoa
- Rafael Alonsok saiakuntzaren emaitza plastikoak erakusten dizkigu. Era bateko eta besteko teknikak eta gaiak erabiltzen ditu, ez dira ohikoak, eta irudikapen joko bat darabil horretarako, bi dimentsiokoaren eta hiru dimentsiokoaren artekoa, gardenki eta geruza bidez gonbidatzen gaituelarik obra bakoitzari beste begirada batekin begiratzera.
- San Frantziskoko Udaltegia - Juanje Agirre - Espacio, Paisaje y Arquitectura - Eskultura
- Eskultura pieza hauek, arkitekturan erabiltzen diren ekaiekin, hutsarteak eta hutsuneak irekitzen dituzte, trinko den horretan eta sotil den horretan barneratzen, zer ilunean, zer argian, zer bigunean eta zer gogorrean; eta, horrela, paisaia batzuk sortzen dituzte, eskala arkitekturazkoago batzuetan birsortuak izateko proiekzio argia dutenak..
- Errekaldeko Udaltegia - Txoritxikiak - Nuestras aves invisibles - Argazkiak: Vicente Leal: Miren Ajangiz: testuak
- Haiekin bizi gara. Egunsentiarekin iratzartzen gaituzte, ilunsentiarekin urrumaz lo eragiten. Gure hegazti txiki ikusezinak dira, gure eguneroko ibilian laguntzen digutenak. Etorri ezagutzera!
- Abandoko Udaltegia - Vicente Ferrer Fundazioa - Viaje a la Ciudad del Infinito - Argazkigintza
- Anantapur-ek "hiri amaigabea" esan nahi du, eta Indian dago. Infinituak moldatzen du hango paisaia idor baina aldi berean esperantzagarria, non milaka pertsona bizi baitira. Erakusketak, bada, Vicente Ferrer Fundazioaren lana erakusten du argazki bidez: nola lan egiten duten idortearen kontrako baliabideekin, hezkuntza inklusiboarekin, emakumeen ahalduntzearekin eta kirolarekin. Eta nola horrek guztiak laguntzen dien transformazio sozialean.
Musika
Betiko Musika - Música de siempre
Musika estilo desberdinetako sei kontzertuz osatutako zikloa, helduei zuzendua, Otxarkoagan izango da hainbat larunbatetan zehar.
- Otsailak 11, 19:00etan Otxarkoagako Udaltegia. The Cherry Boopers. Bilbotarrek erritmo afroamerikarrak zabaltzen dituzte eta iraganeko hamarkadetako erritmoak jotzen gozatzen dute. Hau da, jazzaren sakontasuna, soularen dotorezia, funk izerditsua, eromen afroa edo bidaia psikodelikoa.
Bilbao Distrito Jazz
Programa hau Bilbaina Jazz Cluben laguntzarekin antolatu da, eta hiriko auzoetara hurbiltzen ditu kontzertuak, generoan erreferentzia diren artistekin, askotariko, egungo eta kalitatezko proposamenekin.
- Otsailak 10, 19:00etan. J.C. Arriagako Kontserbatorioa. Antonio Mazzei Trío
- Antonio Mazzei · pianoa / David Mengual · kontrabaxua / David Xirgu · bateria
- Venezuela jaioterriko musikari garrantzitsuenetako bat da Antonio Mazzei pianista, konpositore eta produktore saritua. New Yorkeko eszenako pianista ezagun gisa hamarkada bat eman ondoren, gau egun Bartzelonan errotu da. Mazzeik hainbat proiektutan parte hartu du, eta lankidetzan aritu da, estu-estu, Paquito D’Rivera, Joel Frahm, Clarence Penn, Janis Siegel; eta Rubén Blades bezalako artistekin.
Dantzaldiak
Bilboko adinekoek dantza egiten jarraitu ahal izango dute hilabete honetan, Udalak tradizioz antolatzen dituen dantzaldiekin.